Euskadin 6.189 langabe gehiago izan ziren urtarrilean eta guztira 175.281 daude

175.000 langabe baino gehiago daude EAEn
Europa Press
Actualizado: lunes, 4 febrero 2013 12:02

BILBO, 4 Feb. (EUROPA PRESS) -

Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) enplegurako zerbitzu publikoen bulegoetan erregistraturiko langabeen kopurua 6.198 lagunetan igo zen joan den urtarrilean, hau da, abenduan baino %3,67 gehiago, eta horrela, guztira 175.281 langabe daude, Espainiako Enplegu eta Gizarte Segurantza Ministerioak jakinarazi duenez.

Beste alde batetik, 2012ko urtarrilarekin alderatzen bada, aurtengo lehen hilabetean 19.414 langabe gehiago izan dira EAEn, hau da, %12,46ko hazkundea izan da urte batetik bestera.

Lurraldeka, Araban hazi zen gehien langabezia (%4,56), 1.213 langabe gehiago zenbatuta, eta guztira 27.797 daude; Gipuzkoan 2.035 langabe gehiago izan ziren urtarrilean (%4,27) eta guztira 49.723 daude; Bizkaian %3,11 igo zen langabezia (2.950 langabe gehiago) eta guztira 97.761 daude. Urte artean, Araban %14,78 igo da langabezia (3.580 langabe gehiago), Bizkaian %11,52 (10.098 gehiago) eta Gipuzkoan %13,04 (5.736 gehiago).

Sektoreka, Nekazaritzan bakarrik jaitsi zen langabezia joan den urtarrilean (51 langabe gutxiago), eta guztira 2.844 daude. Zerbitzuetan 5.361 langabe gehiago zenbatu ziren eta orain 110.875 daude. Industrian 444 langabe gehiago izan ziren eta guztira 20.663 daude, eta Aurreko enplegurik gabeko taldean 136 langabe gehiago zenbatu ziren, orain 14.222 izanik guztira.

Generoari dagokionez, urtarrilean Euskadin zeuden 175.281 langabeetatik 86.403 gizonezkoak ziren eta 88.878 emakumezkoak. Halaber, 161.484 langabek 25 urte baino gehiago zuten eta 13.797 adin horretatik beherakoak ziren.

KONTRATAZIOA

Bestalde, urtarrilean 53.781 kontratu egin ziren Euskadin, hau da, abenduan baino 3.032 gehiago (%5,97ko hazkundea). Lurraldeka, Bizkaian 29.466 egin ziren, abenduan baino 1.207 gehiago (%4,27); Araban 8.591 egin ziren, hau da, abenduan baino 675 gehiago (%8,53); eta Gipuzkoan abenduan baino 1.150 gehiago egin ziren (%7,89), guztira 15.724 izanik.

Aurreko urteko hil berarekin alderatuta, kontratazioaren igoera %0,84 izan da EAE osoan. Lurraldeka, adierazlea hiruretan igo da urte arte artean: Gipuzkoan %0,35, Araban %1,40 eta Bizkaian %0,94.

Bestalde, joan den urtarrilean Euskadin egindako 53.781 kontratuetatik 49.130 aldi baterako eta 4.651 mugagabeak izan ziren. Kontratazio mugagabea %28,62 igo zen abenduarekiko (1.035 gehiago) eta %30,13 iazko urtarrilarekiko (1.077 gehiago). Aldi baterako kontratazioari dagokionez, %4,24 igo zen abenduarekiko (1.997 gehiago)eta %1,26 jaitsi 2012ko urtarrilarekiko (629 gutxiago).