Euskal artistentzako "showcase-gaua" izango da BIME Pro jardunaldietan

Melenas eta Los Brazos taldeak aritu ziren iaz
ETXEPARE INSTITUTUA
Actualizado: lunes, 16 julio 2018 13:34

BILBO, 16 (EUROPA PRESS)

Basque Music ekimenak deialdi bat egin du BIME jardunaldiarekin elkarlanean, euskal artistek "showcase-gau" batean parte har dezaten Bilbon urriaren 24tik 26ra bitartean egingo den BIME Pro jardunaldian. Izena emateko epea uztailaren 24an amaituko da, Euskal Herriko Musika Bulegoen Elkarteak jakinarazi duenez.

Euskal Herriko Musika Bulegoen Elkarteak, Etxepare Euskal Institutuak eta Eusko Jaurlaritzako Kultura Sustatzeko Zuzendaritzaren Euskadiko Soinuak egitasmoak sustaturiko ekimena da Basque Music.

Horrela, bi euskal talde edo bakarlari arituko dira "showcase-gauan", eta BIME Pro jardunaldiko antolatzaileek aukeratuko dituzte. Hautatutako talde edo bakarlariek kontzertu bat emango dute urriaren 25ean, Bilborock aretoan, BIME City ekitaldiaren baitan.

Estatuko eta nazioarteko hainbat profesional joaten dira BIME City ekitaldira, eta Basque Music ekimenak euskal musikaren sektoreko artista berriak aurkezteko aprobetxatzen du. Melenas eta Los Brazos izan ziren 2017an aukeratutako taldeak.

Halaber, BIME Pro jardunaldiko arduradunekin egindako akordioari esker, Euskadiko management enpresek "speedmeeting" saio esklusibo batean parte hartuko dute ekitaldian akreditatutako profesionalekin. Topaketa hori ere urriaren 25ean egingo da, eta deialdia uztailaren 26ra arte egongo da irekita. Gehienez ere 15 euskal enpresak parte hartu ahal izango dute.