Euskal Autonomia Erkidegoan 21.000 biztanle gehiago zeuden 2008an 1981ean baino

Actualizado: martes, 8 marzo 2011 13:51

BILBO, 8 Mar. (EUROPA PRESS) -

Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) biztanleen kopuruak izaera ezberdineko aldakuntzak izan ditu 1981etik 2008ra bitartean. Horrela, 1981etik 2001era, 59.000 pertsona pasa galtzen dira, batez ere 1990eko hamarkadan, migrazio-saldoa (aurreko hamarkadatik) eta begetatiboa (jaiotzak ken heriotzak) negatiboak izan zirelako. Hala ere, 2001etik aurrera, bi saldoak positibo bihurtzen dira batera, batez ere migrazioena, eta hazkundeek lehengo murrizketak gainditzen dituzte, 2008an 1981ean baino 21.000 biztanle gehiago izanik, Eustaten datuen arabera.

Adin-talde nagusien araberako banaketaren bilakaerak jaitsiera nabarmena eta etengabea izan du adinik gazteenetan; adinik zaharrenetan, aldiz, igoera izan da. 1981etik 2008ra bitartean 65 urte eta gehiagoko biztanleria %9tik %19ra pasatu da, bi aldiz gehiago.

Gazteen espazioa erritmo horretane murriztu da: 1981ean hiru pertsonatatik batek 20 urte baino gutxiago zituen; 2008an adin horietan %17 besterik ez. Are ikusgarriagoa izan da pertsona zahar-zaharren (85 urte eta gehiago) kopuruaren igoera, 3,7z biderkatu baita 28 urte horietan, eta 2008an %2,4 ziren.

EAEko jaiotza-tasa gordina 1.000 pertsonako 9,9 zen 2008an; 1960ko hamarkadan milako 20tik gora zegoen. Harrezkeroztik jaitsiera etengabea izan zen 1995era arte, eta orduan 7,3an izan zen. 1996tik hazten hasi zen, 2008ko egoerara iritsi arte. Halaber, 1978tik lau urtez handitu da seme-alabak jaiotzen direneko amen adina, eta 2008an 32,4 urtekoa zen adin hori.

HERIOTZAK

Bestalde, EAEn hildako lagunen kopurua %36 hazi da 1978tik 2008ra bitartean, eta batez besteko adina hiltzean 13 urtez atzeratu da. Sexuei erreparatuz, adin-igoera antzekoa da: 12,4 urte gizonengan eta 12,9 emakumeengan, baina abiapuntua ez zen berdina, 1978an gizonak 61,4 urterekin hiltzen zirelako batez beste, eta emakumeak 68,5 urterekin. Hiltzen gareneko batez besteko adin-aldea haziz joan zen 1992ra arte, non 10 urte ziren. Urte horretatik behera joan da 2008ko 7,6ra arte.

Heriotza-kausen proportzioak aldatu egin dira azken 18 urteetan, batez ere tumore eta zirkulazio-sistemaren gaixotasunetan. 1990ean azken horiek heriotzen %36ren eragileak ziren, eta tumoreak %27renak. Bi kausa-talde hauen bilakaerak ekarri du 2008an biak %30en bueltan ibiltzea.

Aldi horretan, kanpoko kausak 1990eko %6tik 2008ko %3,7ra murriztu dira. Gainerako heriotza-kausetan izan da hazkunderik handiena: 1990eko %15,9tik 2008ko %22,1era. Batez ere ugaritu dira buru-gaixotasunak eta nerbio-sistemarenak.

EKONTZAK

Bestalde, 1978tik jaitsi egin dira bai ezkontzen kopurua, bai eta ezkontza-tasa gordinak ere. Jaitsierarik handiena 1978tik 1985era izan zen: %37,5 gutxiago ezkontzetan eta %38 gutxiago tasetan. 1985etik 2008ra gutxi jaitsi ziren ezkontzak (%3,6).

EAEko ezkontzen kopurua jaisteaz gain, euskal gizartearen ezkontzaren gaineko ezaugarririk garrantzitsuena ezkontide ezkongabeen adina igotzea da. 1986tik, senargaien batez besteko adina 5,8 urtez igo da, eta emaztegaiena, berriz, 6,4z. 2008an ezkondu ziren gizonezko ezkongabeen batez besteko adina 33,2 urte zen, eta emakumezko ezkongabeena, 31,3 urte.

Beste alde batetik, 1988tik 1999ra, EAEk 52.638 pertsona galdu zituen migrazioengatik, eta 93.423 irabazi 2000tik, batez ere atzerritarren etorrera jendetsuagatik. Mende honetako lehen zortzi urteetan 282.250 etorkin eta 188.827 joale izan dira. XX mendeko azken 11 urteetan, 136.159 etorkin eta 188.797 joale.

1988tik 2008ra EAEren kanpo-migrazio saldoek ezberdin jokatu dute aztertutako eremu geografikoaren arabera. Atzerriko saldoak beti izan dira positiboak, baina 1997ra arte oso urriak ziren, 2.000 pertsona inguru. Espainiarekiko saldoak, berriz, beti izan dira negatiboak. 1988an izan zen saldo negatiborik handiena, ia 11.000 pertsona. Beste urteetan, 4.000 inguruan egonkortu zen.

2008an, aurreneko aldiz Eustatek EAEko Migrazio-mugimenduen estatistika egiten duenetik, positibora aldatu da Espainiako gainekoarekiko migrazio-saldoa. Arrazoia, batez ere, beste erkidegoetatik etorritako pertsona atzerritarrak dira.