Euskal Autonomia Erkidegoko esportazioak %0,6 jaitsi ziren 2014ko bigarren hiruhilekoan

Publicado: viernes, 29 agosto 2014 11:07

BILBAO, 29 Ago. (EUROPA PRESS) -

Euskal Autonomia Erkidegoko esportazioak %0,6ko jaitsiera nominala izan dute 2014ko bigarren hiruhilekoan, baina %5,4 igo dira urteko lehen seihilekoan, EUSTATen datuen arabera. Haien guztizkoa apiriletik ekainera arte 5.576 milioi eurokoa izan zen, 2013ko 5.609 milioi euroren aldean. Produktu ez-energetikoek are jaitsiera handiagoa izan dute (%3,6).

Inportazioei dagokienez, %10,2ko hazkunde nominala izan dute aurtengo bigarren hiruhilekoan eta 4.246 milioi eurokoak izan dira. Bestalde, inportazio ez-energetikoak %0,1eko jaitsiera izan dute aldi
horretan; 2.587 milioi izan dira guztira.

EUSTATen datuen arabera, merkataritza-saldoa positiboa izan da, 1.330 milioi euroko superabitarekin. Era berean, esportazioek inportazioen gainean izan duten estaldura-tasa %131,3 izan da. Jatorri energetikoko produktuak albo batera uzten badira, merkataritza ezenergetikoko saldoak 2.311 milioi euroko superabita izan du; hau da, 2013ko bigarren hiruhilekoan erregistratutakoa baino 182 milioi euro gutxiago. Estaldura ez-energetikoaren tasa 2013an %196,3 zen; 2014an, berriz, %189,3.

ESPORTAZIOAK, EUROPAR BATASUNERA ABIATUTA

Europar Batasunerako esportazioek %3,6ko hazkundea izan dute 2013ko aldi beraren aldean eta esportazio guztien %62 dira. Europako bi bezero nagusietarako esportazioek (Frantzia eta Alemania) %7,8 eta %1,6ko jaitsierak, hurrenez hurren, izan badituzte ere, urtetik urterako igoerak izan dituzte Erresuma Batura (%11,1), Italiara (%4,9), Herbehereetara (%76,2), Portugalera (%1,1) edo Belgikarako (% 8,8) esportazioek, besteak beste.

EB-28tik kanpo, esanguratsuak dira Amerikako Estatu Batuetara (%19,3), Txinara (%54,6), Aljeriara (%64,4) eta Marokora (%36,0)
egindako esportazioen hazkundeak. Behera egin dute, ordea, Brasilera (%20,1) eta Mexikora (%12,6) egindakoek.

Europar Batasunetik etorritako inportazioei dagokienez, %13,5 gehiago izan ziren, gehienbat Letoniatik eta Estoniatik etorritako inportazio energetikoen hazkundeagatik. Energien eragina alde batera utzita, EB-28ko inportazioek %0,6ko hazkundea izan dute. Horietan Herbehereetatik (%19,2) eta Italiatik (% 11,6) etorritakoak nabarmentzen dira beren bolumen eta hazkundeagatik. Alemaniatik (%3,0) eta Italiatik (%0,2) etorritakoek behera egin dute, ordea.

Europar Batasunetik kanpo, Txinatik etorritako inportazioen hazkundea nabarmentzen da (%6,5). Hazkunde esanguratsuak ere badituzte Irak, Aljeria, Angola eta Nigeriatik etorritakoek, baina izaera energetikoa dute gehienbat.

Muga-zergen atalei dagokienez, mea-produktuen (%28,3) eta metalen eta metal-manufakturen (%9,4) atalen esportazioen hazkundeak nabarmentzen dira, baita garraiorako materialaren (%18,3) eta material elektrikoaren (%2,7) jaitsierak ere. Lau atal horiek hartzen dute hiruhilekoaren esportazio guztien %79.

Inportazioak aztertuz gero, mea-produktuen hazkundea nabarmentzen da (%30,5), inportazioen %40 baitira. Garraiorako materialaren (%10,5) eta metalen eta metal-manufakturen (%2,0) hazkundea ere nabarmentzen da. Jaitsieren artean material elektrikoa (%5,5) eta plastikoak eta
kautxua (%11,7) nabarmentzen dira.

GIPUZKOAKO ESPORTAZIOAK, GORA

Euskal Autonomia Erkidegoko kanpo-merkataritzak portaera desberdina izan du, esportazioei dagokienez, lurralde historiko bakoitzean urteko bigarren hiruhilekoan. Gipuzkoan %4,9ko hazkundea izan zuten; Araban eta Bizkaian, berriz, tasa negatiboak izan dira (%2,0 eta %3,5, hurrenez hurren).

Garraiorako materialen esportazioen hazkundeak (%16,9) nabarmen lagundu du Gipuzkoako esportazioen hazkundean. Araban, baina, metalen eta metal-manufakturen hazkundeak (%12,4) ezin izan ditu berdindu material elektrikoa (%23,4) eta koipeak eta olioak (%46,9) atalen jaitsierak. Bizkaian garraiorako materiala ataleko esportazioen jaitsierak (%55,9) faktore erabakigarria izan da esportazioen jaitsieran, eta mea-produktuak (%28,3) eta metalak eta
metal-manufakturak (% 12,3) atalen hazkundeek ezin izan dute jaitsiera hori berdindu.

Inportazioei dagokienez, Bizkaiak eta Gipuzkoak %16,3 eta %5,6ko hazkundeak izan zituzten, hurrenez hurren, eta Arabak, berriz, %7,6ko tasa negatiboa.

HAZIERA LEHEN SEIHILEKOAN

2014ko lehenengo sei hilabeteak kontuan hartuta, Euskal Autonomia Erkidegoko esportazioak 10.948 milioi euro izan ziren; hau da, 2013ko lehen seihilekoan baino %5,4 gehiago. Bestalde, inportazioek 8.563 milioi euro metatu zituzten: %10,5eko hazkundea.

Urteko lehen sei hilabeteetako transakzioen guztizko bolumena (esportazioak + inportazioak) 19.511 milioi euro izan zen; 2013ko lehen seihilekokoa, berriz, 18.137 milioi euro. Aurreko
urtearekin alderatuta, %7,6ko hazkundea, hortaz.

Urteko lehen seihilekoan, kanpo-saldoak superabita izan zuen: 2.385 milioi euroko merkataritzaemaitza positiboa, iazko garai berean baino 255 milioi euro gutxiago.

Kanpo-saldo ezenergetikoa 4.349 milioi euro izan zen (%3,0ko jaitsiera). Esportazioek inportazioen gainean izandako estaldura osoaren tasa %134,1 izatetik %127,9 izatera igaro zen 2014an. Produktu ezenergetikoetarako estaldura-tasa %183,5 izan zen 2014ko lehen seihilekoan, eta 2013ko seihileko berean, berriz, %189,1.