Ekonomisten ia %62k EAEko ekonomiaren "hobekuntza argia" aurreikusi du

Actualizado: martes, 21 julio 2015 12:55

BILBO, 21 (EUROPA PRESS)

   Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) ekonomisten ia %62k urte amaierarako ekonomiaren "hobekuntza argia" aurreikusi du, Ekonomisten Euskal Elkargoak Bilbon aurkeztu duen Ekonometroaren bigarren edizioaren datuen arabera. Adierazle honek, abagunearen inkesta baten bidez ekonomistek egungo testuinguruari buruz duten iritzia jasotzea du helburu, baita etorkizunari begira enpresaren eta ekonomiaren aukerak oro har aztertzea ere.

   Inkesta maiatzaren 26tik ekainaren 7ra egin zen, sei hilabetero egiten da, eta astearte honetan aurkeztu dute Iñaki Ruiz Ekonomisten Euskal Elkargoko presidenteak, Joseba Barandiaran elkargoko batzordeko kide eta Ekonometroaren arduradunak eta Mercedes Vallejo Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Ekonomia Zientzien Fakultateko irakasle eta ikerketaren lankideak.

   Oraingoan, gai ezberdinen gaineko iritzia eskatu zaie ekonomistei, hala nola euskal ekonomiaren lehiakortasunean eragina duten faktoreak, Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeen (BGAE) sustapenaren bitartez aurreztea bultzatzeko egungo politikaren ondorioak, Abiadura Handiko Trena (AHT) Euskadin, beste higiezinen burbuila bat saihesteko hartutako neurri zuzentzaileak eta ekonomistek etika profesionala urratzea eragiten duten interes taldeen exijentziak.

   Inkestan EAEko hiru lurraldeetako 533 ekonomistak hartu dute parte, hau da, kolektiboaren %10,4k. Parte hartu dutenen artean aktiboan dauden ekonomistak, enpresariak eta besteren kontura lan egiten dutenak, bai sektore publikokoak, bai pribatukoak, eta jubilatuak eta langabeak daude. "Abaniko zabal honek planteatutako gaien inguruko ikuspegi osoa eta independentea ematen du", azaldu dute.

   Horrela, euskal ekonomisten iritzia baikorra da, Euskadiren suspertze ekonomikoa orain dela sei hilabete kolektiboak berak aurreikusitako erritmoan ematen ari dela uste baitute. Orduan, %43,2k uste zuen euskal ekonomia hobetu egingo zela hurrengo sei hiletan eta gaur %43,4k baieztatu du egoera hobetu egin dela aurreko sei hilekiko. 2015eko amaierarako, ekonomistek ekonomiaren "hobekuntza argia" aurreikusi dute; %62,1ek uste du hobetuko dela eta soilik %2,6k uste du okerrera egingo duela.

   Egoera pertsonalari dagokionez, lurralde guztietan murriztu da beren egoera ekonomikoa duela sei hilabete baino okerragoa dela uste dutenen portzentajea. Adinari erreparatuta, gazteenek antzeman dute hobekuntza hori gehien; aldiz, 60 urtetik gorakoen %90ek uste du bere egoera ekonomikoa ez dela aldatu.

   Inkestaturiko pertsonen ustez, euskal ekonomiaren lehiakortasunean gehien eragiten duten lau faktoreak hauek dira: I+G+b, finantzaketa eskuratzea, prestakuntza eta soldata kostuak. Finantzaketa eskuratzea dagoeneko ez da eraginik handiena duena, eta I+G+b dago lehen postuan.

BGAE, AHT ETA HIGIEZINEN BURBUILA

   Kolektiboari beste galdera bat ere planteatu zaio; alegia, BGAEen bidez aurrezkia sustatzeko egungo politikak -pentsio sistema publikoaren osagarri gisa- aurrezki eta aurreikuspen arloko kultura nahikoa garatu duen Euskadin: %68,7k ezetz uste du, eta %31,3k baietz. Ekonomista gehienek uste dute beharrezkoa dela aurrezki eta aurreikuspenaren kultura sustatzeko neurri osagarriak hartzea. Gainera, ekonomisten ustez, "oso garrantzitsuak" dira zerga pizgarriekin erlazionatutako neurriak.

   Ekonometroan AHTri buruzko iritzia ere eskatu zaie ekonomistei. Horrela, %79,4k uste du egindako inbertsioa eginda, obrak amaitu egin behar direla, eta %10,3k uste du obrak gelditu egin beharko liratekeela. Higiezinen krisiaren aurrean, berriro higiezinen burbuilarik ez egoteko beharrezko neurriak hartu ote diren ere galdetu zaie, eta ekonomista gehienek, %83,8k, uste du ez dela nahikoa izan orain arte egindako erreforma; %1ek aldiz, baietz.

   Azkenik, etika profesionalik eza gaur egungo negozio munduan kezka arrazoia ote den ere galdetu zaie, eta ea inoiz eman behar izan dieten lehentasuna "interes taldeen" eskakizunei, etika profesionalaren gainetik. Ekonomisten %32,1ek esan du inoiz ez duela horrelakorik egin, baina %67,9k baietz adierazi du. Bezeroen eskakizunei ematen zaie lehentasun handiena, eta ondoren jabeenei.