Euskal elikadura ohiturez hausnarketa sustatzeko gazteentzako argazki lehiaketa abiarazi du Euskal Fondoak

Actualizado: lunes, 22 febrero 2016 11:54

BILBO, 22 (EUROPA PRESS)

   Euskal Fondoak kudeatutako EAThink2015 proiektuak "Euskal Herria eta elikadura jasangarria: Jasangarria al da gure elikadura eredua?" argazki lehiaketa jarri du martxan, eta, astelehen honetatik apirilaren 25era bitartean, proiektuan parte hartu nahi duten bigarren hezkuntzako ikasgela guztiak Sastarrain baserri eskolan bi eguneko egonaldia lortzeko lehian izango dira.

   Horretarako, elikadura burujabetza eta elikagaiak ekoizteko sistema jasangarriak ikasgelan landu beharko dituzte haien aukerako ikasgairen batean, eta, ondoren, ikasitakoa Euskal Herrian dagoen elikadura ereduaren inguruan hausnartzeko erabili, horretarako argazkigintza erreminta bezala erabiliz, Euskal Fondoak jakinarazi duenez.

   Irabazten duen argazki erreportajea zein erreportaje finalistak, Donostiako Kutxa Ekogunean ikusgai egongo den elikagaien ekoizpenean eragina duten faktoreen gaineko erakusketaren (Food Cloud Exhibition) testuinguruan aurkeztuko dira. Hortaz, erakusketa ikustera doazen gazteei zein nagusiei elikadura eredu jasangarrien garrantziaz jabetu eta eredu propioaren hausnarketa egiten lagunduko die.

   Dena den, argazki lehiaketa hau EAThink2015 proiektu europarraren atal bat besterik ez da, izan ere, garapen jasangarri globalaren aldeko gazteen kontzientzia eta konpromisoa areagotu, garapen globalaren arloan ikasleen eta irakasleen jarrera kritikoa eta konpromiso aktiboa sustatu eta, bereziki janaria ekoizteko sistema jasangarriei eta maila txikiko nekazaritzari jarri nahi baitzaio arreta.

   Horretarako, gaia landu nahi duten ikastetxeek beste hainbat aukera izango dituzte aurten proiektuarekin bat egiteko. Horrela, "EAThink Game Euskaraz" eta "Lurren Pastela" aplikazio hezigarriak sortu dira. Bigarren eta lehen hezkuntzako gazteei zuzenduriko mugikor eta tabletetarako erabilgarri diren jokoak garatu dira; lehenak elikagaien produkzio katea hausnartzen du bideo joko baten bitartez eta, bigarrenak, pastel baten osagai osasungarriak, ingurumenarekiko onuragarriak eta besteekiko errespetuzkoak direnak irudikatzen ditu.

   Halaber, EAThink proiektuak lehen eta bigarren hezkuntzako irakasleei laguntza eskaintzen die hezkuntza globala, garapen jasangarria eta elikadura burujabetza lantzeko ikas unitateak ikasgelan garatzeko. Ikasitakoa ikastetxetik kanpo indartzeko, ikasleei baserri eta nekazaritza ustiapen txikiak ezagutzeko aukera emango zaie.

TAILERRAK

   Horrela, ikas-unitate globalak laguntzeko ikasgeletan tailer parte hartzaileak eskainiko dituzte, garapenerako informazio eta komunikazio teknologiak erabiliz. Tailer hauen bitartez ikasleek haien herri eta auzoetan jasangarritasunaren aldeko ekimenak garatzea bultzatuko da.

   Gainera, "Food Cloud Exhibiton" erakusketa heziketa interaktiborako espazio bat bezala aurreikusia dago, bertan elikagaien eta hauen produkzioak eta banaketan sortzen dituzten eragin eta ondorio nabarmenenak irudikatzeko. Apiriletik aurrera Donostiako Kutxa Ekogunean bisitatu ahal izango da.

   Azkenik, Euskal Fondoak jakinarazi duenez, 2017. urtera begira, Europa arteko ikasleen bideo lehiaketa bat garatuko da, herrialde ezberdinetako irakasleen arteko trukea gauzatuko da (Senegal eta Burkina Fasoko ikastetxeetara bidaia), praktika onen gidaliburu bat argitaratuko da eta hezkuntza globalari buruzko irakasle topaketak gauzatuko dira, besteak beste.