Euskal emakumeen bizi-itxaropena, 85,4 urte, Europar Batasuneko altuenetakoa

Pensión, pensionistas, jubilados, ancianos, ancianas, anciana
EUROPA PRESS
Actualizado: martes, 19 agosto 2014 11:18

BILBAO, 19 Ago. (EUROPA PRESS) -

Euskal emakumeen bizi-itxaropena Europar Batasuneko altuenetakoa da, 85,4 urtetara heltzen baita, Eustat-ek asteartean jakinarazi duenez. Bestalde, Euskal Autonomia Erkidegoko jaiotza-tasa 28-EBeko batez bestekoaren oso azpitik dago, 1.000 biztanleko 9,3 jaiotzak daude eta.

Bizi-itxaropena adierazle demografiko nabarmena da. Eustaten eta Eurostaten azken datu eskuragarrien arabera, hamarkada batean, 2001etik 2011ra, gizonen bizi-itxaropena 76,4tik 78,9ra eta emakumeena 83,7tik 85,4ra luzatu dira. Emakumeen azken hori 28-EBeko estatuetako batez bestekoaren (83,1, 2011n) gainetik da.

Espainian, 2011n, bizi-itxaropena 79,5 gizonentzat eta 85,6 emakumeentzat zen. Europar Batasunean, berriz, emakumeen bizi-itxaropena Frantzian (85,7) eta Espainian (85,6) bakarrik da
luzeagoa Euskal Autonomia Erkidegoan baino. Ondoren Italia (84,8), Austria, Finlandia, Portugal eta Suedia (83,8), baita Grezia eta Luxenburgo (83,6) ere aurkitzen dira. Bizi-itxaropen motzenei dagokienez, emakumeena Bulgarian (77,8 urte), Errumanian (78,2), Hungarian (78,7) eta Letonian (78,8) dago.

Gizonen artean, itxaropenik handienak Suedian (79,9 urte), Italian (79,7) eta Espainian (79,5) daude. Bizi-itxaropen motzenak, aldiz, Lituanian (68,1), Letonian (68,6), Bulgarian (70,7) eta Errumanian (71,1)aurkitzen dira.

JAIOTZA-TASA, BATEZ BESTEKOAREN AZPITIK

Jaiotza-tasari dagokionez, Euskal Autonomia Erkidegoko jaiotza-kopurua txikienetako bat zen 2012an 28-EBean, Eustaten eta Eurostaten datuen arabera. EAEan, 1.000 biztanleko 9,3 jaiotza egon ziren; 28-EBean, ordea, 10,4. 2008an Euskal Autonomia Erkidegoko tasa 9,9 zen eta 2003an, 9,2. Beraz, 2012an orain hamar urte bezalatsu gaude.

Euskal Autonomia Erkidegoko jaiotza-tasaren azpitik, 2012an Alemania (1.000 biztanleko 8,4), Portugal (8,5), Grezia eta Italia (9,0), baita Hungaria (9,1) ere zeuden. Tasarik altuenak Irlandan (15,7), Erresuma Batuan (12,8) eta Frantzian (12,6) aurkitu ziren. Espainian 1.000 biztanleko 9,7 ume jaio ziren orain dela bi urte.