Euskal Encounter 23k segundoko 40 giga eskainiko ditu, konexio abiadura bikoiztuta

Actualizado: lunes, 13 julio 2015 13:38

BILBO, 13 (EUROPA PRESS)

   Euskal Encounter informatika eta bideojoko zaleen topaketaren 23. ekitaldia uztailaren 23tik 26ra bitartean ospatuko da Barakaldoko (Bizkai) Bilbao Exhibition Centre (BEC) erakusketa gunean, eta, Euskaltelen teknologiari esker, Interneteko konexio abiadura bikoiztu egingo du, erabiltzaileek segundoko 40 giga izango dutelarik, "banda zabal gehiago izan eta on line nabigatu eta jolasteko erosotasun gehiago izan dezaten".

   Antolatzaileek adierazi dutenez, Europako party zaharrenetakoa da Euskal Encounter, eta "marka berriak hausten ditu urtetik urtera". Horrela, ordu eta erdi baino gutxiago behar izan dituzte aurten zaleek 4.096 eserlekuak betetzeko; iazko errekorra oso nabarmen gainditu dute, lau ordu behar izan baitzituzten 22. ordenagailu festan.

   Uztailaren 23tik 26ra BECen egingo den topaketak elkarren artean konektatutako 4.096 ordenagailuko sare erraldoia izango du, 35.000 metro koadroko azalera batean. Lau egunetan zehar, etenik gabeko jarduera izango da, dozenaka ekintza eta lehiaketarekin.

   "Hain zuzen, hori da gizartearekin, pertsonekin eta haien ideiekin konektatzeko helburua duen Euskaltel Konekta fundazioaren xede nagusietarikoa. IKTen erabileraren testuinguruan, pertsonen, enpresen eta ekimenen arteko hartu-emana sortu eta sustatzeko helburuarekin, kolektibo ezberdinei zuzendutako ekintza ugari antolatu eta sustatzen ditu. Jende gehien mobilizatzen duen ekitaldietako bat da Euskal Encounter, dibertsioa, kolaborazioa, formakuntza eta ekintzailetza bateratzen dituen ekimena", azaldu dute.

HITZALDIAK ETA PRESTAKUNTZA

   Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren (SPRIren bitartez) diru laguntza eta babesari esker antolatutako egitasmoa da Euskal Encounter. Aurten, publikoari irekitako hitzaldien egitarau zabala izango da, gai anitzekin: domotika, 3D inprimagailuak, txikiei zuzenduriko robotika; bideojokoak eta hezkuntza; hegaldi profesionalaren simulazioa; edo merkataritza elektronikoaren lege betebeharrak.

   Era berean, ekintzaile teknologikoei zuzendutako prestakuntza jarduerak izango dira, euren proiektuak martxan jarri ditzaten laguntzeko. Izan ere, Euskal Encounter, 23 urteotan, enpresa eta negozio ekimen askoren haztegi bilakatu da, networking eta partaideen artean sortutako harremanen bitartez.

   Lehiaketen eta aisialdiaren atalean, EuskaltelGazteaKopa jokatuko da, on line eta presentzialki, FIFA 15 bideojokoaren inguruan. Futbol Profesionaleko Ligaren barne gogokoen duten euskal taldeen alde jokatzeko aukera izango dute parte hartzaileek. Athletic, Real, Eibar eta Alaves taldeetako zaleek hartuko dute parte norgehiagokan. Hasierako faseko sailkatuak, talde bakoitzeko 12 jokalari onenak, aurrez aurre arituko dira partyan bertan jokatuko den final handian.

   Azkenik, parte hartzaileen interesa piztu duen beste nobedade bat Occulus Survival Horror Experience izango da. Errealitate birtualeko betaurrekoen bitartez, esperientzia "ikaragarria" bizi ahal izango dute bertaratzen direnek, "alien isolation" delakoen eskutik.