'Euskal Herria' aldizkariak ibilbide berri bati ekin dio bere 50. zenbakiarekin

Actualizado: martes, 15 febrero 2011 18:12

BILBO, 15 Feb. (EUROPA PRESS) -

'Euskal Herria' bidaia-, mendi-, kultura- eta natura-aldizkariak ibilbide berriari ekin dio bere 50. zenbakian, jendarteko eztabaida sustatu eta dinamizatu nahian. Horretarako, aurrerantzean aldizkariak zenbaki guztietan, bere ohiko erreportaje eta artikuluez gain, gaur egungo gaien gaineko ikerlan bana argitaratuko du.

Horrela sortu da 'Dossier' atala, non arloan arloko adituek, elkarteek eta herri mugimenduak jasangarritasuna, ekologia, kultura-joerak, ingurumena, osasuna edo historia bezalako esparruak jorratuko dituzten. Aldizkariko orrialdeetatik jendartera zabalduko dira, hitzaldi, solasaldi eta eztabaida publikoen bitartez.

Aldizkariko arduradunek jakinarazi dutenez, lehenengo dossierra, aldizkariaren 50. zenbakiarekin bat eginez, Euskal Herria izena berari eskainita dago, nola sortu zen eta denboran barrena egin duen ibilbidea aztertuz. Historia eta kultura arloko ikerketa hori Joseba Agirreazkuenagak egin du, Euskal Herriko Unibertsitatean Historia Garaikideko katedraduna, euskaltzain urgazlea eta 'Bidebarrieta' Bilboko historia eta ikerketa aldizkariko zuzendaria. Lehenengo hitzaldia, Agirreazkuenaga bera hizlari izango delarik, Bilboko Elkar aretoan izango da otsailaren 22an, 19:00etan.

'Dossier' ataleko hurrengo emanaldiak deshazkuntza, kontsumo era berriak, kultura-joerak XXI. mendean, arriskuan dauden espezieak Euskal Herrian, bioeraikuntza eta jasangarritasuna eta natura-medikuntza eta terapia alternatiboak gaiaren ingurukoak izango dira. Kasu guztietan, dossierraren aurkezpenarekin batera, hitzaldi-solasaldia egingo da proposamenen egileen eskutik.

Ekimen honen bitartez, 'Euskal Herria' aldizkariak, bere ibilbidearen bederatzigarren urtean, ideia eta asmo berriei leiho bat ireki nahi die jendartearen aurrean.