Euskal Herriko Abesbatzen Elkarteak "Ahaire" korurako euskal musikaren antologia argitaratu du

"Ahaire" Argitalpenaren Aurkezpena
EUROPA PRESS
Actualizado: jueves, 20 julio 2017 16:41

DONOSTIA, 20 Jul. (EUROPA PRESS) -

Euskal Herriko Abesbatzen Elkarteak "Ahaire" argitalpena aurkeztu du ostegun honetan Etxepare Euskal Institutuaren egoitzan egindako prentsaurrekoan, Donostian. Abesbatza mistorako euskal musikaren ondare diren 50 maisulan jasotzen ditu, eta uztailaren 22tik 29ra Bartzelonan egingo den Koru Musikaren 11. Munduko Sinposiumean erakutsiko da.

Argitalpenaren aurkezpenean izan dira Bingen Zupiria Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikarako sailburuak, Miren Arzalluz Etxepare Euskal Institutuko zuzendaria, Enrique Azurza Euskal Herriko Abesbatzen Elkarteko presidentea eta Pio Perez Euskal Herriko Unibertsitatearen (UPV/EHU) Mikel Laboa Katedraren ordezkaria. Liburuaren berrikuspena gidatu duen David Azurza musikagile eta editorea ere bertan izan da.

"Ahaire" 300 orrialdeko argitalpenak garai guztietako abesbatza musikagile onenen lanak biltzen ditu, besteak beste, Jesus Guridi, Aita Donostia, Javier Busto edota Xabier Sarasolarenak. Euskaraz, gazteleraz, frantsesez eta latinez idatzita daude, eta errazak zein zailtasun handiko obrak jaso dira. "Lan hau altxor bat eta gaian sakontzeko gonbidapen bat da. Kanta oso ezagun nahiz hedatzea merezi duten lan ezezagunak biltzen ditu", azaldu du Enrike Azurzak.

Lanaren "osotasuna" eta prozesuan agertutako zailtasunak nabarmendu dituzte prentsaurrekoan. Hala, Miren Arzalluzen hitzetan, "'Ahaire' gai honetako lanik osoena da". David Azurzak, aldiz, sei hilabeteko prozesua deskribatu du: "obra bakoitzak kalbario bat suposatu du, baina maitasun handiarekin egindako lana da, eta herrialde honek musika mailan duen potentziala erakusten duen obra bat berezi zuen".

GAURKOTASUNA

Bestalde, Bingen Zupiriak lanaren gaurkotasuna azpimarratu du, "obrak jasotako konpositoreen erdia bizirik baitaude". Gainera, Etxepare Euskal Institutuari, Mikel Laboa Katedrari eta Olaso Dorrea Fundazioaren diru laguntzari eman dizkio eskerrak. "Erakundeak bidelagunak izan behar gara honelako obrak osatzeko", gaineratu du.

"Ahaire" Etxepare Euskal Institutuaren, UPV/EHUren Mikel Laboa Katedraren eta Olaso Dorrea Fundazioaren diru laguntzari esker editatu ahal izan du Euskal Herriko Abesbatzen Elkarteak, eta Eresbil Musikaren Euskal Artxiboaren eta Tolosako Abesbatza Lehiaketaren laguntza ere jaso du. Euskal Herriko Abesbatzen Elkarteak (EAE) 400 abesbatza eta 12.000 abeslari inguru ordezkatzen ditu.