Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariak EHUren Estatutu berriak argitaratu ditu eta bihar jarriko dira indarrean

Actualizado: jueves, 24 febrero 2011 18:21

BILBO, 24 Feb. (EUROPA PRESS) -

Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Estatutu berriak argitaratu dira gaur Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, Eusko Jaurlaritzak hilaren 15ean dekretuz onetsi ondoren. Estatutuak argitaratzea ezinbesteko izapidea da indarrean jartzeko, eta horrela, bihar jarriko dira indarrean.

EHUko Klaustroak unibertsitateko Estatutu berriak onartu zituen 2010eko irailaren 23an. Estatutuak unibertsitateak onartu ahal duen arau gorena dira eta barne antolakuntza arautzen dute. Onartuak izateko 283 klaustrokideen aldeko botoen gehiengo osoa behar zuten, eta horixe gertatu zen: aldeko 175 boto, kontrako 26 eta 11 zuriz.

Estatutu berriek jasotzen dituzten berrikuntzen artean dago

Unibertsitateko Klaustroaren eta Gobernu Kontseiluaren osaketa berria. Klaustroan, unibertsitateko kideen ordezkaritza organo gorenean, klaustrokideen kopurua 303tik 243ra murriztuko da, eta kide horietariko hiruk -errektoreak, idazkariak eta gerenteak- karguagatiko kideak izaten jarraituko dute.

Halaber, Gobernu Kontseilua, unibertsitateko politika orokorraren jarraibideak eta jarraibideok aplikatzeko prozedurak ezarri eta garatzen dituena, handitu egingo da, lehen ordezkaturik ez zeuden talde eta egiturak sartu ahal izateko. Guztira 47 kide izango ditu.

Errektorearen hautaketan, aurreko araudian, hautagai bakarra balego, hautagai bakar hori errektore irtengo zen baldin eta emandako baliozko botoetatik kontrako baino aldeko boto gehiago biltzen bazituen. Oraingoan ezin izango zaio kontrako botoa eman hautagaiari, boto zuriak edo aldekoak soilik izango dira posible. Hori bai, errektore irtengo da, baliozko botoetatik aldekoak heren bat baino gehiago badira. Kide bakarreko organo guztien hautaketa irizpide horren arabera arautuko da.

Estatutuen beste berrikuntza batzuk hauek dira: unibertsitateko kide guztiei dagozkien eskubide eta betebehar komunak sartzen dituzte; ikasleen ordezkaritza organoak gehiago aitortu eta ikasleen araudi bat aurreikusten dute; irakasle eta ikertzaile figura berriak arautzen dituzte; Langile Publikoaren Oinarrizko Estatutuak Administrazio eta Zerbitzuetako langileengan duen eragina jasotzen dute.

Halaber, Aldezlearen, hau da, EHUko arartekoaren arautzea aldatu dute hautaketa errazteko, behar duen adostasun zabala alde batera utzi gabe; EHUren nazioarteko hedakuntzari arreta berezia eskaintzen diote; etorkizunean sor daitezkeen doktorego eskolak aurreikusten dituzte eta pertsona bakarreko organoak irakasle eta ikertzaile iraunkorren esku egon daitezkeela eta ez, orain arte bezala, katedradun edo unibertsitateko titularren esku ezartzen dute.