Euskal Herriko Eskolarteko Bertsolari Txapelketaren finala larunbatean izango da, Saran

Eskolarteko txapelketaren finala larunbatean
BERTSOZALE ELKARTEA
Actualizado: martes, 6 junio 2017 16:51

BILBO, 6 (EUROPA PRESS)

Ikastolen elkarteak eta Bertsozale elkarteak elkarlanean antolatzen duten Euskal Herriko Eskolarteko Bertsolari Txapelketa amaierara iritsiko da larunbatean, ekainaren 10ean, Saran ospatuko den jaiarekin. Euskal Herri guztiko ordezkariak bilduko dira Lapurdiko herrian, eta bat bateko finalaren hitzordua baliatuz, egun osoko jaia antolatu da, antolatzaileek jakinarazi dutenez.

Horrela, 11:00etan abiatuko da bat bateko finala Sarako trinketean. Aurten 15-18 urteko 13 gaztek hartuko dute parte: Arabatik, Aroa Arrizubieta (Gasteiz, 2001) eta Aitor Ugarte (Aramaio, 2002); Nafarroa Beheratik, Elixabet Etxandi (Izpura, 2000) eta Oier Urreizti (Bidarrai, 2000); Bizkaitik, Iruri Altzerreka (Garai, 2000) eta Beñat Bilbao (Gernika-Lumo, 1999); Gipuzkoatik, Oihana Arana (Eskoriatza, 2001) eta Jokin Irastorza (Oiartzun, 1999); Lapurditik, Julene Etxeberri (Sara, 2001) eta Irati Alcantarilla (Urruña, 2001); Nafarroatik, Joanes Illarregi (Leitza, 1999) eta Xabat Illarregi (Leitza, 2001), eta Zuberoatik, Haritz Capot (Zalgize, 2001).

Pantxika Solorzano eta Joana Itzaina ariko dira gai jartzaile lanetan eta saioa aurkezten, hurrenez hurren. Epaile taldea herrialde bakoitzeko ordezkari banak osatuko du: Aitor Jimenez (Araba), Leire Etxebarria (Bizkaia), Elisa Iztueta (Gipuzkoa), Lierni Elorza (Lapurdi), Saioa Mitxelena (Nafarroa) eta Iban Thicoipe (Nafarroa Beherea). Amets Arzallus egungo Euskal Herriko Bertsolari txapeldunak jantziko dio txapela irabazleari.

Ondoren, 14:30ean bazkaria izango da Lur Berri aretoan, Idokiren eskutik, eta bazkalostean, Lur Berrin bertan, rapean ariko dira Odei Barroso eta Iñaki Viñaspre, estilo librean.