Euskal Herriko Eskulagintza Azoka egingo da asteburu honetan Errenterian

Eskulangintza Azoka egingo da Errenterian asteburuan
Foto: REUTERS
Actualizado: miércoles, 29 abril 2015 14:26

DONOSTIA, 29 (EUROPA PRESS)

   Ereintza Elkarteak Euskal Herriko 37. Eskulangintza Azoka antolatu du Errenterian (Gipuzkoa), Artiola Artisautza Gunearen kolaborazioarekin, eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren, Errenteriako Udalaren eta Kutxaren babesarekin.

   Azoka Maiatzaren 1eko zubian egingo da. Zehazki, ostegunean irekiko da, arratsaldez, eta ondoren, ostiraletik igandera 11:00etatik 14:00etara eta 16:30etik 20:30era irekiko da. Ostegunean, hau da, lehenengo egunean, arratsaldez bakarrik egongo da irekita.

   Guztira 44 artisauk erakutsiko dituzte beren produktuak. Gehienak gipuzkoarrak izango dira, eta gainerakoak, Bizkaikoak, Arabakoak, Nafarroakoak, Iparraldekoak eta Estatuko beste toki batzuetakoak.

   Antolatzaileek aurkezpenean azaldu dutenez, Errenteriako azokak garrantzi handia du Euskal Herriko artisautza azoken artean, bai bere antzinatasunagatik, bai bere antolamenduagatik. Hori dela eta, erakusleiho aparta da artisauentzat, produktuak zuzenean saltzeko aukera eskaintzen baitie, baita jendea ezagutzekoa ere, etorkizuneko salmentei edo merkataritza harremanei begira.

   Esan bezala, 44 eskulangintza lantegik parte hartuko dute aurtengo edizioan, eta horietako 17 lehenbiziko aldiz izango dira Errenteriako Eskulangintza Azokan; beraz, parte hartzaile guztien %38 berriak izango dira. Nabarmentzekoa da 2013. urteko edizioan izan ziren hamar tailer soilik etorriko direla aurten, eta horrek esan nahi du berrikuntza eta txandakatze aipagarria izango dela artisauetan eta langintzetan.

   Azokan, eskuz egindako produktu esklusiboak ikusi eta erosteko aukera izango dute bisitariek. Artisauek zuzenean salduko dizkiete produktu horiek erosleei, eskutik eskura eta bitartekorik gabe. Zuzeneko harremanari esker, pertsonalizatu egin ahal izango dituzte lanak, bezeroen nahiak asetzeko. Kalitate handiko bertako produktu horiek eskuratuz, erosleek euskal sektore profesional bat sustatuko dute, Euskal Herriko balioekin loturiko jarduera bati eutsi nahi dion sektore bat, alegia.

   Aurkezpenean, Oscar Usetxi Foru Aldundiko Berrikuntzako zuzendariak jendea animatu du asteburu honetan Errenteriara, Merkatuzarrera, hurbiltzera. "Gipuzkoar guztiak azokara etortzera animatu nahi ditut. Artisaurik gabe ez gara hain benetakoak izango, ez gara gu izango".