Euskal Herriko itsas ingurunearen kalitatea ebaluatzeko itsas trikuen enbrioiak erabili daitezke

Iratxe Menchaca
EHU
Actualizado: miércoles, 2 febrero 2011 17:52

BILBO, 2 Feb. (EUROPA PRESS) -

Iratxe Menchaca Azti-Tecnaliako biologoak bere doktoretza-tesia defendatu du Euskal Herriko Unibertsitatean (EHU) eta, besteak beste, Euskal Herriko itsas ingurunearen kalitatea ebaluatzeko itsas trikuen enbrioiak erabili daitezkeela ondorioztatu du, EHUko iturriek jakinarazi dutenez.

Estuarioak oso sistema egokia dira kutsadura ebaluatzeko. Sedimentuen metaketa jasaten duten zonaldeak dira, eta kutsatzaile ugarik dute lotura, hain zuzen ere, sedimentuen partikulekin. Ebaluazio integratua lortzeko, kutsatzaileek ingurune horretan duten eraginari buruzko azterketak egitea komeni da; toxikotasun-entseguek aukera ematen dute eraginok zenbakitan neurtzeko.

Entsegu horietan, organismo batzuk kutsatutzat jotzen diren sedimentuen eraginpean jartzen dira, toxikotasun horri lotuta organismoak jasaten duen erreakzio biologikoren bat kuantifikatzeko.

Azti-Tecnaliako ikertzailea izaki, Iratxe Menchacak bioentseguak egiten ditu enbrioi-fasean dauden itsas trikuekin (Paracentrotus lividus). Aztergai diren sedimentuen eraginpean izan ostean, neurtu egiten da larben artean zenbatek jasan duten hazkuntza anormala; beste entseguekiko osagarria da, eta kutsaduraren ebaluazio integratua lortzea du helburu.

Menchacak EHUn aurkeztu duen doktoretza-tesiak frogatzen du, hain zuzen, itsas trikuaren enbriogenesia adierazle toxikologiko erabilgarria dela. "Desarrollo y aplicación de herramientas para la evaluación de la calidad del medio marino del País Vasco: bioensayos con Paracentrotus lividus y Corophium spp" (Euskal Herriko itsas ingurunearen kalitatea ebaluatzeko erreminten garapena eta aplikazioa: bioentseguak Paracentrotus lividus eta Corophium espezieekin) du izenburu tesiak.

Oiartzun ibaiaren (Gipuzkoa) estuarioan egindako ikerketa-kasu bati buruz dihardu Menchacak bere tesian; ikerketa horretan, besteak beste, bioentseguak egin dituzte itsas trikuen enbrioiekin. Emaitzek erakutsi dutenez, estuarioaren barrualdean ageri da kutsatzaileen kontzentrazio nabarmenena; bai eta bentosaren (hondoan bizi diren organismoak) alterazio, ingurunean eragiteko arrisku eta toxikotasun handiena ere. Toxikotasun horrek zerikusia du, zehazki, zonaldean aurkitutako materia organiko- eta amonio-edukiekin eta PAH (hidrokarburo aromatiko poliziklikoak) izenekoekin.

Emaitzok oinarri hartuta, ikertzaileak berretsi du itsas trikuen enbrioiekin egindako bioentseguak erreminta sentikorra eta erabilgarria direla, giza-jarduerak itsas ingurunean eta ingurumenari dagokionez izandako inpaktua ebaluatzeko.

Euskal kostaldean itsas trikuei dagokionez dagoen erabilgarritasuna ere aztertu du Menchacak beste atal batean. Bi populazio ikertu ditu horretarako: bat Donostian eta bestea Zumaian. Bi populazio horietako itsas trikuek errunaldi bakarra izaten dute, neguaren bukaeran edo udaberriaren hasieran. Donostiako populazioa egokia da urte osoan gametoen hornidurari eusteko (urtaroaren arabera desberdintasunak egon arren erabilgarritasunari dagokionez), baina Zumaiakoa mugatuagoa da.

Ingurunean sexualki garatutako itsas trikuen eskasia dagoen garaietan, prozesua laborategian susper daiteke, eta aro naturaletik kanpo gametoak lor daitezke horrela. Tesian eskuratutako emaitzetan oinarrituta, indukzioari errunaldi naturalaren garaia bukatutakoan ekitea komeni da; ugalketa-zikloa bukatu eta 60 egunera lortu dira emaitzarik onenak.

ESPEZIE ALTERNATIBOAK

Itsas anfipodo batzuk laborategian erabili edota kultibatzeko aukeraz ere dihardu Menchacak tesian. Helburua da populazio naturalarengana jo behar ez izatea eta itsas trikuekin egindako entseguen osagarri izatea. Corophium multisetosum eta Corophium urdaibaiense dira, hain zuzen ere, anfipodo horiek.

Bi espezie horien ekoizpena optimizatzeko esperimentu gehiago egitea beharrezkoa dela badio ere, Menchacak frogatu du posible dela anfipodo horiek laborategian hilabete askoan mantentzea eta kultibatzea. Batak eta besteak bizileku duten habitatari dagokionez dauzkaten desberdintasunak kontuan hartuta, Menchacak ondorioztatu du C. multisetosum dela bien artean aproposena zonalde itxiak ebaluatzeko; portuak eta ubide batzuk, kasu.

Iratxe Menchaca Cortazar (Bilbo, 1981) Biologia Zientzietan lizentziatua eta doktorea da. Javier Franco San Sebastian eta Joxe Mikel Garmendia Etxandi Azti-Tecnaliako ikertzaileen zuzendaritzapean idatzi du tesia. Aurkezpena, berriz, UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Zoologia eta Animalia Zelulen Biologia Sailean egin du.

Ikerketa Azti-Tecnalian burutu du, baina Vigoko Unibertsitatean ere egin du egonaldia. Gaur egun, Menchaca ikertzailea da Azti-Tecnalian, Itsas Ikerketaren Unitatean.