"Euskal Herriko Mapa Digitala" sarean jarri du UZEIk

Actualizado: jueves, 12 febrero 2015 16:29
av2" class="NormalTextoNoticia" itemprop="articleBody">

BILBO, 12 (EUROPA PRESS)

   UZEIk "Euskal Herriko Mapa Digitala" sarean jarri du. Euskaltzaindiak araututako Euskal Herriko herrien izendapenak biltzen ditu mapak, eta Google Maps zerbitzua erabiliz kontsulta daiteke, UZEIk jakinarazi duenez. Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren diru laguntzarekin prestatu da mapa hau.

   Euskaltzaindiak 1998. eta 2009. urte artean plazaratu zituen hamar arauren informazioa bateratuz prestatu du UZEIk "Euskal Herriko Mapa Digitala". Horrela, Euskal Herriko herri bakoitzaren izen ofiziala, euskal izena eta herritarraren izendapena sarean kontsultagai dagoen Euskal Herriko mapan txertatu ditu.

   Mapa berri hau arakatzeko, UZEIk bere webgunean (www.uzei.eus) jarri du zuzeneko esteka, Google Maps zerbitzuko helbidera bideratzen duena: https://www.google.com/maps/d/viewer?mid=zLytgFfIdbl4.kV1bAHb_4PuU.

   Munduko estatuen izendapenak biltzen zituen iaz UZEIk sarean jarri zuen "Mundu Mapa Digitala" egitasmoak. Lan horrek ordura arteko hutsune bat betetzea zuen helburu, munduko herrialdeak eta hiriburuak, herritarren izendapenak eta hizkuntza ofizialak Euskaltzaindiak araututa zeuden arren, izendapen onartuak ez baitzeuden erraz eskuratzeko moduan.

   Mapa hura prestatzeko ere Euskaltzaindiak bere arauetan jasotako informazioa bateratu zuen, erabiltzaileei kontsulta modu interaktibo eta erraza eskaintzeko asmoz, eta xede horrekin berarekin jarri du UZEIk sarean "Euskal Herriko Mapa Digitala".

   Guztira, Euskaltzaindiaren hamar arau bateratu dira oraingoan: 92. eta 99. arauak (Zuberoako herri izendegia), 108. araua (Lapurdiko herri izendegia), 122, 128 eta 133. arauak (Nafarroa Behereko herri izendegia), 140. araua (Gipuzkoako herri izendegia), 145. araua (Bizkaiko herri izendegia), 150. araua (Arabako herri izendegia) eta 155. araua (Nafarroako herri izendegia).

   Euskal Herriko herrien eta herritarren izendapenak are errazago bilatzeko, koloreka bereizi dira zazpi herrialdeak. Mapan nabigatu ahala bistara daiteke informazio osoa ikonoaren gainean klik eginda (herri bakoitzaren euskarazko izena, izen ofiziala eta herritarren izendapena), baina bilaketa leihoan edota goitibeherako zerrendan ere egin daitezke bilaketak. Gainera, Google Maps zerbitzuak eskaintzen dituen aukerak direla eta, ikuspegi mota batean baino gehiagotan bistara daiteke mapa.