Euskal Liburutegi Digitala 3.000 titulu inguru eta 350.000 irudi baino gehiagorekin sortu da

Actualizado: martes, 27 septiembre 2011 16:35

BILBO, 27 Sep. (EUROPA PRESS) -

Euskal Liburutegi Digitala (www.liburuklik.euskadi.net) 3.000 titulu inguru eta 350.000 irudi baino gehiagorekin sortu da, eta urtea bukatu aurretik 300.000 orri gehiago gehituko dira. Plataformaren bidez, euskal bibliografia ondarea zaintzeaz gain, ikerlariek eta herritar guztiek ondare horretan sartzeko aukera izango dute.

Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak Euskal Liburutegi Digitala aurkeztu du gaur, irailaren 27an. Bere programaren ardatz estrategikoetako bat da eta bere helburuak dira euskal bibliografia ondarea zaindu eta iraunaraztea obra horiek hondatu ez daitezen eta, aldi berean, edozein ikerlari edo euskal hizkuntzan eta kulturan interesa duen edozeini horietan sartzeko aukera ematea. Erreminta berri hori liburuklik du izena eta www.liburuklik.euskadi.net webgunetik sar daiteke.

Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailarentzat bibliografia ondarea "oso garrantzitsua" da, eta, gainera, "modu berezian" sustatu nahi du ondare hori zaintzeko ardura duten euskal erakunde guztien koordinazioa eta lankidetza; horregatik guztiagatik sortu du proiektu hau. Halaber, edozein pertsonak obrak kontsulta ditzake edozein lekutik, baldintza bakarra ordenagailu bat izatea baita. Aurtengorako aurrekontu-konpromisoa 690.000 euro dira (550.000 Eusko Jaurlaritzarenak eta 140.000 Espainiako Kultura Ministerioaren laguntza bereziak dira).

Legearen arabera, Jaurlaritzako Kultura Sailari dagokio proiektua burutzea, baina sektore profesionala ere inplikatu egin da. Hori dela eta, baditu harremanak beste euskal liburutegi-erakunde batzuekin eta zenbait akordio lortu ditu Eusko Legebiltzarrarekin, Arabako Foru Aldundiarekin edo Antso Jakitunaren Fundazioarekin, besteak beste. Horrela bada, bolumenari zein ondare funtsaren aberastasunari dagokionez Euskadin garrantzi handiena duten liburutegietako bibliografia funtsak zaindu eta zabalduko dira liburuklik-en bitartez.

Liburuklik-ek baditu dagoeneko hainbat obra digitalizatuta, eta kopuruak gora egingo du etengabe. Gaur egun 3.000 titulu inguru eta 350.000 irudi baino gehiago ditu, eta urtea bukatu baino lehen igoko dituzten 300.000 orri gehiago prest daude.

Halaber, Euskal Liburutegi Digitalaren eduki osoa Europeana bilduman ere zabalduko da. Bibliografia funtsa zabala denez, agiri bakar asko daudenez eta euskara euskal kultura igortzeko hizkuntza erabilia denez, "gero eta gehiago agertuko da eta ikusgarriago izango da mundu luze-zabalera irekita dagoen Europako bibliografia bilduma garrantzitsu horretan".

ERREMINTAK

Euskal Liburutegi Digitala egiteko Dspace software aukeratu da; Massachussets Institute of Technology-k (MIT) eta HP Labs-ek garatutako software libreko plataforma da, eta 250 herri baino gehiagok erabiltzen dute helburu berberarekin.

Egile, titulu eta abarren araberako hitz-bilaketak hasierako pantailatik bertatik egin daitezke (Google edo Yahoo bezalako bilatzaileen antzeko sistema du), baina informatika aplikazio aberats honen aukera guztiak erabili ahal izateko, beharrezkoa da alta eman eta erabiltzaile profil bat sortzea.

Tramite erraz horren bidez, liburuklik-eko edukian ingurune atseginaren bidez sartzeaz gain, posta elektroniko edo RSS bidez alertak jaso daitezke eta Euskal Liburutegi Digitalean sartzen diren berritasunen berri emango du erabiltzaileak zein gai nahiago duen kontuan izanda.

Horrez gain, plataformak funtzio "biltzailea" ere badu, eta epe laburrean, euskal bibliografia ondarean sartzeko puntu bakarra izango da Liburutegi Digitala. Horrela bada, Liburutegi Digitalean bilaketa bakarra eginez, erabiltzaileak Euskadiko gainontzeko gordetokietan dauden egile baten lan guztiak lortuko ditu.

EDUKIA

Edukiari dagokionez, Euskal Liburutegi Digitalaren hasierako bildumak Eusko Legebiltzarreko ondare funtsa jasotzen du. 1.246 bat titulu dira, hau da, 270.500 bat irudi eta 1.068 bat inprimaki katalogatu gutxi gorabehera, antzinako funtsa (1830era arte) eta XX. mendera arteko euskarazko erlijio-obren bilduma bat barne.

Funts esanguratsuenen artean, 170 eskuizkribu identifikatu eta euskal kultura eta historiografia ikasteko ondare-balio handi duten ale bakar eta bitxiak daude, tartean Loiolako Santutegiko bibliografia funtsa: orain arte euskarazko 325 lan sartu dira, bakarrak eta ondare balio handikoak dira.

Bestalde, Arabako Foru Aldundiarenak diren Micaela Portilla Funtsa eta Manuel Iradierren lanak ere daude Euskal Liburutegi Digitalean. 1.300 fitxa heraldiko dira, eta horien artean Mendozako eta Martiodako Dorreak nabarmentzen dira. Gainera, prentsa historikoa edo Micaela Portillaren tesia ere jasotzen ditu.

Bukatzeko, Hemerotekari dagokionez, euskal egunkari eta aldizkari historikoak, tokian tokiko bildumak edo kartelak biltzen ditu Euskal Liburutegi Digitalak.