Euskal ontziek 5.000 tona antxoa baino gehiago harrapatu dituzte kanpainaren hasieran

Antxua Eguna ospatu dute Getarian
IREKIA
Actualizado: viernes, 5 mayo 2017 12:51

DONOSTIA, 5 (EUROPA PRESS)

Euskadiko arrantza ontziek 5.000 tona antxoa baino gehiago harrapatu dituztela jakinarazi du ostiral honetan Bittor Oroz Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako sailburuordeak Getarian (Gipuzkoa), antxoaren kanpainaren hasierako datuen aurkezpean. Nika Lertxundi Getariako alkatea eta Euskadiko baxurako arrantza federazioetako ordezkariak ondoan izan ditu Orozek.

"Euskadiko arrantzaleek jada 5.000 tona antxoa baino gehiago harrapatu dituzte, kiloko prezioa 1,86 euro izanik batez beste", adierazi du sailburuordeak. Zentzu horretan, esan du kanpaina "ondo" hasi dela, harrapaketak iazkoak baino gutxiago izan arren, prezioa handiagoa izan baita (2016an 8.000 tona eta batez besteko salmenta prezioa 1,72 euro). "Oraindik hilabete batzuk falta dira arrantzaldia bukatzeko eta espero dugu kanpaina amaiera arrakastatsua iragartzea", gaineratu du.

Berdelari dagokionez, Orozek ondo baloratu du bukatu berri den kanpaina. Bere hitzetan, "12.800 tona arrain harrapatu dira, eta batez besteko prezioa kiloko 0,93 eurokoa izan da". Horrela, iazko ekitaldikoak baino harrapaketa eta batez besteko prezioa hobeak izan dira aurten (2016an 10.400 tona eta kiloko 0,75 euro).

ANTXUA EGUNA

Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako Sailak eta Getariako Udalak eta Arrantzaleen Kofradiak Antxua Eguna antolatu dute elkarrekin. Horrela, Jaurlaritzak erakutsi nahi du Euskadiko baxurako arrantza sektorea babesten duela eta arrantza sektoreari oro har esker ona erakusten diola.

Antxua Egunaren ospakizunen barruan, Orozek azpimarratu nahi izan du Jaurlaritzak "babes irmoa" ematen diola Euskadiko arrantza sektorearen balio kate osoari, erauzketa unetik merkaturatze unera artekoari.

Hala, "euskal arrantza produktu bikainak jendearen artean zabaltzeko egiten ari diren ahaleginak" gogoratu ditu, besteak beste, informazio kanpainak eginez, azokak antolatuz eta haietan parte hartuz eta banaketa kate nagusiekin hitzarmenak sinatuz, haien establezimenduetan Euskadiko bertako eta kalitatezko produktuak egotea araua izan dadin.