Euskalmetek dio udazkeneko eguraldia ez dela ohiko parametroetatik irtengo

Udazken normala iragarri du Euskalmetek
Europa Press
Actualizado: martes, 20 septiembre 2011 18:50

BILBO, 20 Sep. (EUROPA PRESS) -

Euskalmet Meteorologiaren Euskal Agentziak iragarri du udazkeneko eguraldian ez dela irregulartasun nabarmenik izango eta beraz, parametro normalak jarraituko dituela, bai tenperaturari dagokionean eta baita euri kopuruari begira ere. Irailaren 23an hasiko da udazkena, goizeko 11:05ean.

Ipar Amerikako Meteorologia Zerbitzuak (NWS/NCEP) Europa mailan egindako iragarpenak Euskal Autonomia Erkidegoaren (EAE) inguruan esandakoan oinarritua, Euskalmetek iragarri du udazkena ohiko parametroen barruan mugitu daitekeela, bai tenperaturan eta baita euri mailari dagokionean ere. Hortaz, ez da ezohiko fenomenorik espero.

Bestalde, Erresuma Batuko Meteorologia Zerbitzuak Europarako egindako iragarpenen datuak aztertuta, ondorioztatu daiteke udazkenean ohi baino tenperatura baxuagoak egingo dituela EAEn. Prezipitazio kopurua, ostera, ohiko parametroetan ibiliko omen da.

Hortaz, eta iturri bi hauetako datuak kontuan hartuta, zehaztu daiteke ohiko parametroak jarraituko dituen udazkena izango dela EAEn; tenperaturak urtaroari dagozkionak izango dira edo pixka bat baxuagoak beharbada. Euriari dagokionean ere, ez du ohi baino gehiago botako.

Azken finean, Euskalmetek dio zirkulazio zonalek baldintzatuko dutela gehienbat eguraldia: mendebaldeko haizea atmosferako erdi mailako geruzetan, aldizka iritsiko zaizkigun fronte batzuekin; noizbehinka hego-mendebalde eta ipar-mendebaldeko haizeak ere izango dira urrian eta azaroan.

Euskalmeten arabera, litekeena da azaroan, ohi bezala, fronte hotzen bat sartzea. Aldiz, abenduan zirkulazio zonalak blokeatu egin litezke eta horrek, aire hotza sartzeko aukerak areagotu egingo lituzke, batez ere, Europako barnealdetik datozenak. Nolanahi ere, Euskalmetek ez du baztertu oraindik eguraldi egonkorra eta antizikloia nagusi diren asteren bat izatea; beti ere, barnealdean izozteak izango genituzke.

Laburbiltze aldera, udazkenaren lehen hilabete eta erdiko adierazgarri nagusiak prezipitazio eskasak eta tenperatura leunak izango dira. Urtaroaren bigarren zatian, ostera, bereziki abenduan, zirkulazio zonalik ezak aire hotza ekarri dezake; aldizka antizikloidun egunak eta izozteak izan daitezke.

EPE ERTAINEAN

Bestalde, gaurtik aurrera, Europako hegoaldeko toki askotan goi presioak izango dira nagusi. EAE ere horien menpe geratuko da, eta egonkortasuna eta udako eguraldia izango dira; egun eguzkitsuak izango dira eta tenperaturek gora egingo dute: batez beste, 20 eta 25 gradu artean mantenduko dira kostaldean eta 25-30 gradu inguru barnealdean.

Irailaren 23ari eta 24ari begira, litekeena da udazkena ezegonkortasunarekin hastea, ekaitzak eta zaparradak botatzeko arriskua egongo delako; tenperaturak hala ere, ez dira baxuegiak izango. Gainera, 25etik aurrera, hila bukatu arte, seguruenik eguraldiak onera egingo du berriz eta antizikloiak eragingo digu berriz eta tenperaturak altuak izango dira.

Laburbilduz, udazkena ezegonkortasun apur batekin hasiko da, euria eta ekaitzen bat egiteko aukerarekin, baina gerora, litekeena da eguraldi ona itzultzea eta udako egun eguzkitsuak egin eta tenperaturak igotzea.