Euskalmetek tenperatura oso baxuak iragarri ditu astebururako

Tenperatura oso baxuak datozen egunetan
Foto: Europa Press
Actualizado: jueves, 9 febrero 2012 18:08

BILBO, 9 (EUROPA PRESS)

   Euskalmet Meteorologiaren Euskal Agentziak Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) asteburu honetan tenperatura oso baxuak izango direla iragarri du, EAEk antizikloi euro-siberiarraren eraginpean jarraituko baitu.

   Euskalmeten arabera, hurrengo egunetan blokeo egoerak iraungo du Europan, eta Errusiako antizikloi indartsuak egoera meteorologikoa kontrolatzen jarraituko du, ia tokitik mugitu gabe. Azoreetako antizikloiak antizikloi euro-siberiarrarekin bat egingo du, eta horrek, ekialdeko eta ipar-ekialdeko fluxua eta, ondorioz, haize oso hotza sortuko du. Aire hotzeko masa hori oso lehorra izango da.

   Hartara, astebururako, tenperatura oso baxuak egongo dira, nola maximoak hala minimoak. Maximoak 0 gradutik beherakoak izango dira barnealdean eta 2-3 gradu ingurukoak kostaldean, eta minimoak baliteke -5 gradutik behera ibiltzea barnealdean, eta kostaldean -3 gradukoak izango dira ekialdean (Gipuzkoa) eta -1 gradukoak mendebaldean (Bizkaia).

   Euskalmeten arabera, ez dago ia prezipitaziorik egongo den aurreikuspenik; beraz, elurra ez da albiste izango. Mendebaldeko muturrean euri langar oso ahula izan liteke, baina ez du garrantzirik hartuko, nahiz eta itsas mailaren inguruan elurra jausi litekeen.

DATORREN ASTEA

   Datorren asteari begira, Euskalmetek ez du baztertu itsas aire polarreko masa bat sartzea. Horren ezaugarriak, dena dela, ez lirateke asteburukoarenak bezalakoak izango.

   Litekeena da masa hori horren hotza ez izatea, baina, azkenean sortzekotan, askoz hezeagoa izango litzateke eta, ondorioz, elurte ugariagoak sortuko lituzke, elur kota nahiko baxuan. Hala ere, 300-400 metro inguruan kokatuko litzateke hori, ez itsas mailan. Nolanahi ere, egoera horiek hurrengo eguneraketetan berretsiko dira, astelehenetik aurrera ezegonkortasuna handiagoa izango baita.

   Azken finean, hotza izango da protagonista hurrengo egunetan, baina berezitasun batzuekin: hotz handiagoa asteburuan, izozteak oro har eta, seguruenik, prezipitazio gehiago datorren astearen hasiera aldera, baita elurte esanguratsuak, 300-400 metrotik gora.