Euskalmeten eguraldiaren iragarpena

Actualizado: viernes, 11 marzo 2011 18:10

BILBO, 11 Mar. (EUROPA PRESS) -

Euskalmet Meteorologiaren Euskal Agentziaren iragarpenaren arabera, bihar eguraldi nahasia izango da. Hodei ugari izango da zeruan, baina erabat estalita ez da egongo; kostaldean ostarteak zabalduko dira tarteka, bereziki mendebaldean. Noizbehinka zaparradak bota ditzake, batez ere barnealdean, baina euria kostaldera iristea ere ezin dezakegu baztertu, batez ere arratsaldean eta ekialdean. Hegoaldeko haizea ibiliko da eta arratsaldean brisa sartuko da itsasertzean.

Tenperatura atseginekin jarraituko dugu. Hiriburuetan, Bilbon 10 gradu espero dira gutxienez eta 16 gehienez; Iruñean 7 gutxienez eta 15 gehienez; Donostian 10 gutxienez eta 16 gehienez; eta Gasteizen 6 gutxienez eta 14 gehienez.

Itsasoan hego-osagaiko haizea ibiliko da 4ko indarrarekin. Lehen bi milietan itsaso kizkurra izango da eta gainontzekoetan itsaskirria edo itsaskia. Egunaren bigarren partean haizea mendebal-osagaira aldatu eta baretu egingo da, 3ko indarra hartuz; orduan itsaskirria izango da. Ipar-mendebaldeko hondoko itsasoak 1,5-2 metro arteko olatuak altxatuko ditu.

Uraren tenperatura 12-13 gradukoa da eta ikus-eremua hamar kilometrotik gorakoa izango da. Itsasgorak 7:38an eta 20:02an izango dira, eta itsasbeherak, 1:15ean eta 13:39an.