Euskaltel ikastolen aldeko festen babeslea izango da berriz

Bi erakundeetako ordezkariak
EUSKALTEL
Actualizado: viernes, 19 mayo 2017 14:35

BILBO, 19 (EUROPA PRESS)

Koldo Tellitu Ikastolen elkarteko lehendakariak eta Nerea Lupardo Euskaltel konpainiaren harreman instituzionaletarako zuzendariak Araba, Bizkai, Gipuzkoa eta Nafarroan egiten diren ikastolen aldeko festen babesle izaten jarraitzeko hitzarmena sinatu dute ostiral honetan. Horrela, Ibilaldia (maiatzak 28, Mungia), Araba Euskaraz (ekainak 18, Bastida), Kilometroak (irailak 24, Oñati) eta Nafarroa Oinez (urriak 15, Lesaka) jaiek Euskaltelen babesa izango dute.

Bi erakundeen arteko lankidetza 1998an hasi zen, hau da, Euskaltel sortu eta berehala. Gainera, konpainiak euskararen aldeko lau jaiei emandako babesa "areagotuz" joan da, antolatzaileei telekomunikazio lanetan laguntzeaz gain, "Erronka" izeneko lehiaketa ere antolatzen baitu. 13-16 urteko gazteentzako lehiaketaren helburua da gazteen partaidetza eta lehia garbia sustatzea.

Euskatelek nabarmendu du bere "nortasun ezaugarrietako bat" euskara dela, eta hasieratik hartu zuela euskara enpresaren barruan zein kanpoan bultzatzeko konpromisoa. Horretarako, etengabe egokitzen du hizkuntzen erabilera egoera guztietara, bezeroei eurek hautatzen duten hizkuntzan emateko zerbitzua.

Enpresa barruan, berriz, euskara sustatzen du Euskaltelek, eta 1999tik Euskara Plana martxan dauka. Horren bidez, trebakuntza ekintzak eta sentsibilizazio jarduerak egiten dira, langileen artean euskararen erabilera handitzeko. Plan horri esker, euskararen ezagutza maila altua dute jada Euskalteleko langileen %45ek, gutxi gorabehera.