Euskaltzaindiak bi liburu berri aurkeztuko ditu ostiralean

Actualizado: miércoles, 23 febrero 2011 18:02

BILBO, 23 Feb. (EUROPA PRESS) -

Euskaltzaindiak bi liburu berri aurkeztuko ditu ostiralean Bilboko egoitzan. Alde batetik, Joseba Intxausti ohorezko euskaltzaindiaren

"Euskararen Historia Soziala (EHS). Argibide biliografikoak" aurkeztuko du, eta bestetik, Mikel Zalbide euskaltzain oso eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko Euskara Zerbiztuaren buruak idatzitako "Euskararen Legeak hogeita bost urte. Eskola alorreko bilakaera: balioespen-saioa".

Akademiako iturriek prentsa ohar bidez jakinarazi dutenez, Intxaustiren liburua "Etxeberri" bilduma berriaren lehen zenbakia da, eta Zalbiderena Akademiak argitaratzen duen Jagon bildumaren 11. zenbakia da.

"Euskararen Historia Soziala (EHS). Argibide biliografikoak" argitalpenarekin hasten du Euskaltzaindiak bilduma berri bat, "Etxeberri" bilduma, hain zuzen, euskararen historia soziolinguistikoari eskainia.

Argitalpenaren xede nagusia Euskararen Historia Soziala (EHS) Euskaltzaindiaren egitasmoaren inguruan sortzen den hainbat material jendaurrean agertzea da. Joseba Intxaustik dioen bezala, "helburua EHS ezagutu ahal izateko eskura dauden argitalpenak aurkeztea izan da, liburuak eta artikuluak bilduz".

Orotara, 4.440 erreferentzia jasotzen ditu liburuak, hizkuntzaren historia sozial orokorrera hurbiltzeko bibliografia hautatua eskaintzen duela: 1.657 liburu, 1.955 artikulu eta 828 hitzaldi edo liburu-kapitulu. Euskararen iragan soziala ezagutu eta arakatu nahi dutenentzat pentsatuta dago liburua, eta bereziki ikertzaile eta ikertzaile-gaientzat egin da bilketa hau. Batez ere, ikertzaile gazteak izan ditu gogoan Euskaltzaindiak. Izaskun Etxebeste eta Koro Segurola Euskaltzaindiko teknikariek ere lan egin dute liburu honetan.

Bestalde, "Euskararen Legeak hogeita bost urte. Eskola alorreko bilakaera: balioespen-saioa" liburuaren abiapuntua 2007an Euskaltzaindiak egin zituen Jagon Jardunaldietan dago. Euskararen Erabilera Normaltzeko Oinarri Legea 25 urte betetzen zituenez, legeak mende-laurdenean izandako bilakaeraz gogoeta-saioa egin zen aipatu jardunaldi horietan. Alde askotatik jorratu zen gaia: administrazioa, kulturgintza, komunikabideak eta abar.

Mikel Zalbide euskaltzain osoak parte hartu zuen jardunaldietan, eta hezkuntza alorreko bilakaeraz balioespen teknikoa egin zuen. Liburu hau da orduko emaitza.

Liburua perspektiba soziolinguistikotik idatzia dago, baina beste hainbat alor ere kontuan hartzen ditu: jurilinguistika, hezkuntza elebiduna, demolinguistika eta, ororen gainetik, euskara indarberritzeko saioan hezkuntza alorreko aplikazio-neurrien ekarpena.

Gizarte giroa -1982koa, 2007-08koa-, A, B eta D ereduek ordutik hona izandako bilakaera, emaitzak edo erronkak liburuan aztertzen dira.

Mikel Zalbideren aburuz, "euskara ez doa, oro har, berehala galtzera; elebitasuna dugu, orain eta hemen, euskaldunon bizi-aukera bakarra; euskarak 'bere lekua' behar du ordea, galduko ez bada (edozein elebitasun-ereduk ez du balio); perspektiba horretan txertatu behar da, hortaz, eskolako jarduna; legearen baitan gehiegizko konfidantza jartzeko arriskua dago, orduan zegoen bezala, eta ofizialtasunaren kontzeptua argitasun eske dago".