Euskaltzaindiak eta Frisiar Akademiak Europako hizkuntza gutxituen akademien sarea bultzatuko dute

Euskaltzaindiko eta Frisia Akademiako ordezkariak
EUSKALTZAINDIA
Actualizado: viernes, 18 diciembre 2015 14:03

BILBO, 18 (EUROPA PRESS)

   Europa mailako hizkuntza gutxituen akademien arteko sarea sortzea da Euskaltzaindiak eta Frisiar Akademiak Bilboko udaletxean ostiral honetan sinatu duten lankidetza hitzarmenaren xedeetako bat. Frisiar Akademiaren izenean Hanno Brand zuzendariak sinatu du akordioa, eta Euskaltzaindiarenean Andres Urrutia euskaltzainburuak. Gainerako euskaltzainak ere izan dira ekitaldian, Bilboko udaletxean bertan egin baitu Euskaltzaindiak abenduko osoko bilkura.

   Europako hizkuntza aniztasunaren inguruko ezagutza eta errespetua sustatzea helburu, hizkuntza gutxituen akademien arteko elkarlana bultzatu nahi dute bi akademiek. Era berean, Europar Batasuneko erakundeei, sare horretako partaideen ordezkaritza onar dezaten eskatu nahi diete. Bestalde, euskara eta frisiera hedatu eta indartzeko jarduerak antolatzea izango da bi erakundeon bigarren xede nagusia.

   Testuinguru horretan, sinatu duten hitzarmena zabaldu nahi dute bi erakundeok, eta horretarako, Europa mailako gainerako eremu urriko hizkuntzen akademiek dokumentuarekin bat egin dezaten bultzatuko dute.

   Horiek horrela, bi erakundeon arteko lankidetza euskal eta frisiar hizkuntzen eremuan gauzatuko da: Euskaltzaindiak eta Frisiar Akademiak lankidetza proiektuak sustatu eta garatu nahi dituzte, euskararen eta frisieraren aldeko sustapena bultzatzeko. Hitzarmenaren bidez bi erakundeok hizkuntzen ikerketari nola heltzen dioten ezagutu nahi da, hau da, hizkuntza bien garapenean erabiltzen dituzten teknika eta prozedurak zeintzuk diren eta nola erabiltzen dituzten ezagutzea da helburua.

   Bestalde, bi erakundeok lankidetasun politika bultzatuko dute, ikastaroak, mintegiak, biltzarrak eta sinposioak elkarrekin antolatuz eta gauzatuz. Euskararen eta frisieraren egoerari eta bilakaerari buruzko txostenak ere landu eta sustatuko dituzte. Era berean, Euskaltzaindiak eta Frisiar Akademiak elkarrekiko lana bultzatuko dute, bietako batek, edota biek batera eginiko argitalpenei laguntza emanez.