Euskaltzaindiak iaz hildako euskaltzainak omenduko ditu datorren ostiralean

Actualizado: lunes, 25 enero 2016 16:17

DONOSTIA, 25 (EUROPA PRESS)

  Euskaltzaindiak ageriko bilkura egingo du datorren ostiralean, urtarrilaren 29an, Donostian, Gipuzkoako Foru Aldundian, eguerdiko 12:00etan, 2015. urtean hil ziren ondoko euskaltzainak omentzeko: Juan Garmendia Larrañaga, Joshua A. Fishman, Emile Larre, Joseph Camino, Suzuko Tamura eta Jan Braun.

   Akademiak jakinarazi duenez, Andres Urrutia euskaltzainburuak hasiera emango dio bilkurari eta, ondoren, hilberri txostenak irakurriko dira. Zehazki, Jose Mari Velez de Mendizabal euskaltzain urgazleak irakurriko du Juan Garmendia Larrañaga (1926-2015) ohorezko euskaltzainaren txostena, eta Mikel Zalbide euskaltzain osoak Joshua A. Fishman (1926-2015) ohorezko euskaltzainarena.

   Halaber, Janbattitt Dirassar ohorezko euskaltzainak irakurriko du Emile Larre (1926-2015) euskaltzain emerituaren hilberri txostena, eta Xipri Arbelbide ohorezko euskaltzainak Joseph Camino (1927-2015) ohorezko euskaltzainarena.

   Azkenik, Sho Hagio euskaltzale japoniarrak egin du Suzuko "Ainhoa" Tamura (1934-2015) ohorezko euskaltzainaren txostena, eta Aizpea Goenaga idazle, antzerki zuzendari eta Etxepare Institutuko zuzendariak irakurriko du. Bukatzeko, Xabier Kintana euskaltzain osoak irakurriko du Jan Braun (1926-2015) ohorezko euskaltzainaren hilberri txostena.