"Euskara Eskura Txartela" programan izena emateko epea ostiralean irekiko da Bizkaian

Actualizado: jueves, 30 junio 2016 11:22

BILBO, 30 (EUROPA PRESS)

"Euskara Eskura Txartela" programan izena emateko epea zabalduko da ostiral honetan, uztailaren 1ean, eta hilaren 22ra arte egin ahal izango da www.bizkaia.eus/euskaratxartela web orrian. Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara eta Kultura Sailak Gobernu Kontseiluan onartu du "Euskara Eskura Txartela" programa abian jartzea HABErekin eta Bizkaiko euskaltegiekin batera.

Programaren helburua da euskararen irakaskuntza sustatzea euskaltegietan eta autoikaskuntzarako zentro homologatuetan, eta horretarako, deskontua egiteko bonu bat erabili ahal izango da 2016-2017 ikasturtean, foru erakundeak jakinarazi duenez.

Proiektua abian jartzeko, Bizkaiko Aldundiak 480.000 euroko aurrekontu saila onartu du, bere konpromisoetako bat betetzeko, hau da, neurriak hartzea euskara ikasten diharduten pertsonei laguntza emateko. Era horretan, pertsona horiek animatu nahi ditu euskara ikasten jarraitzera, harik eta euskara erabili nahi dutenerako behar besteko jakite maila lortu arte.

Bizkaian erroldatuta dauden pertsona guztiek izango dute aukera "Euskara Eskura Txartela" programaren deskontu bonua erabiltzeko. Horretarako, 2015-2016 ikasturteko lehenengo deialdian euskararen A1, A2 edo B1 mailak gainditu behar izan dituzte programari atxikitako euskaltegiren batean edo autoikaskuntzarako zentro homologaturen batean. Maila horiek gainditzeaz gain, ikastaro presentzialen kasuan, eskola orduen %75era joan behar izan dute, eta autoikaskuntzaren kasuan, berriz, ikastaroaren ordu teorikoen %7,5ean mintzamen saioetara.

TXARTELAK

Egitasmoko txartelak izendunak eta besterenezinak izango dira, eta hiru kategoriakoak izan daitezke. A1 motako txartelak deskontu bonurako eskubidea emango die maila hori gainditzen dutenei, baldin eta ekimenean parte hartzen badute; gehienez 150 eurokoa izango da bonua.

A2 motako txartelak deskontu bonurako eskubidea emango die maila hori gainditzen dutenei, baldin eta ekimenean parte hartzen badute; gehienez 200 eurokoa izango da bonua, eta B1 motako txartela deskontu bonurako eskubidea emango die maila hori gainditzen dutenei, baldin eta ekimenean parte hartzen badute; gehienez 300 eurokoa izango da bonua.

2016-2017 ikasturtean matrikula egiteko "Euskara Eskura Txartela" egitasmoko txartelak aurkeztu ondoren, Bizkaiko Foru Aldundiak deskontuen ordainketak zuzenean izapidetuko ditu euskaltegiarekin edo autoikaskuntzarako zentro homologatuarekin.