Euskara eta euskal kultura atzerrian irakasteko online ikastaroa antolatu dute EHUk eta Etxepare Institutuak

2012ko Excellence in Basque Studies udako ikastaroa
ETXEPARE EUSKAL INSTITITUA
Actualizado: viernes, 11 enero 2013 15:58

BILBO, 11 Ene. (EUROPA PRESS) -

Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Udako Ikastaroen Sailak eta Etxepare Euskal Institutuak bat egin dute "Atzerriko unibertsitateetan euskara eta euskal kultura irakasteko prestakuntza ikastaroa. Excellence in Basque Studies" izeneko online ikastaro berria antolatzeko. Urtarrilaren 31n amaituko da euskal irakurleen zereginetan trebatzeko bost asteko online ikastaroan izena emateko epea, eta ikasle kopurua mugatua da.

Etxepare Institutuak jakinarazi duenez, ez da bi erakunde hauen arteko lehenbiziko elkarlana, azken bi udetan "Excellence in Basque Studies" ikastaroak antolatu baitituzte elkarrekin. Ikastaro horietan munduan zein Euskal Herrian euskararen eta euskal kulturaren irakaskuntzarekin nolabaiteko zerikusia duten hainbat adituk parte hartu izan du, eta ehunetik gora ikasle bildu izan dira uda bakoitzean.

"Atzerriko unibertsitateetan euskara eta euskal kultura irakasteko prestakuntza ikastaroa. Excellence in Basque Studies" online ikastaro berria aurretik antolatutako bi ikastaroetan oinarritzen da. Ikasleek bost aste izango dituzte honako lau moduluak jorratzeko: Euskal ikasketak, kultur ikasketak eta Iberiar Penintsulako kulturen esparrua; euskara bigarren hizkuntza gisa; euskal ikasketen gai nagusiak: hizkuntza, antropologia, historia, zinema eta literatura; eta euskal ikasketen lanketa atzerrian: proposamen praktikoak.

Metodologiari dagokionez, ikastaroaren prozedura arina eta atsegina izango da: ikasleek bideo-pasarteak ikusi, aurkezpenak behatu, ataza laburrak egin eta foroetan parte hartu beharko dute. Ikastaroa bereziki prestatuta dago atzerrian euskara eta euskal kultura eskolak eman nahi dituzten irakasleentzat zein euskara eta euskal kultura atzerritarrei hurbildu nahi dieten profesionalentzat, eta, jakina, interesa duen orori irekita dago. Era berean, ikastaro hau egin izana bereziki kontuan izango da Etxepare Euskal Institutuko irakurleen hautaketa prozesuetan.

Ikastaroari buruzko informazio gehiago eskuratzeko zein izena emateko, EHUko Udako Ikastaroen online ikastaroen atalera jo behar da, ikastaroari buruzko informazio zehatza zein izena emateko orria bertan aurki baitaitezke. Epea urtarrilaren 31n itxiko da eta ikasle kopurua mugatua da.