Euskara eta sormen artistikoa sustatzeko Izarrak Plazara lehiaketa antolatu dute Donostian

Aurreko urteko parte hartzaile batzuk
Foto: DONOSTIAKO UDALA
Actualizado: lunes, 18 mayo 2015 12:30

DONOSTIA, 18 (EUROPA PRESS)

   Intxaurrondoko Plazara Goaz elkarteak, Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak eta Donostia Kulturak Izarrak Plazara lehiaketa laugarren urtez antolatu dute, elkarlanean. Lehiaketaren helburu nagusia gazteak elkarrekin euskaraz ongi pasatzea da, sormen artistikoa sustatzearekin batera.

   Helburu horiek betetzeko asmoz abilezia lehiaketa antolatu dute, 18 urte bitarteko gazteentzat. Bi kategoria egongo dira: 8-12 urte eta 13-18 urte bitartekoak. Sormen artistikoaren edozein diziplinatan gazteek, taldean edo bakarka, euren abileziak erakusteko aukera izango dute. Saioak 5 minutu ingurukoak izango dira, eta epaimahaia Ainhoa Aierbe aktore eta kantariak, Edu Muruamendiaraz dantzariak eta Itsaso Gutierrez musikariak osatutako dute.

   Ekainaren 4an, arratsaldeko 17:00etan hautaketa proba bat egingo da Intxaurrondo Kultur Etxean eta epaimahaiak hautatuko ditu ekainaren 13ko finalera pasako diren sei taldeak. Aurkezpen eta ikuskizunak euskaraz izango dira. Ekainaren 13an, 17:00etan, Intxaurrondoko Kultur Etxean izango da finala eta bertan banatuko dira sariak. Ekitaldi honetarako sarrera doan izango da eta hainbat zozketa egin eta opari banatuko dira.

   Epaimahaiak aukeratzen duen ikuskizun onenarentzat saria egongo da adin tarte bakoitzerako. Era berean, hizkuntzaren erabilerari dagokion saria eta ikusleen saria ere egongo dira. Sariak Intxaurrondo auzoko dendetan erosteko bonuak izango dira. Horrez gain, sari berezia ere banatuko da: ikuskizun berezi bat prestatzeko laguntza profesionala, eta horren emanaldia burutzea aurtengo udazkenean.

   Lehiaketan parte hartu nahi duten guztiek maiatzak 29ra arteko epea dute izena emateko, eta www.donostiakultura.com/Intxaurrondo, www.donostiaeuskaraz.eus eta http://plazaragoaz.blogariak.net/  webguneetan aurkituko dituzte lehiaketaren oinarriak.