"Euskara, generoa, jatorria eta klasea gurutzatzen diren lekua" jardunaldia, ostegunean eta ostiralean Usurbilen

Jakin jardunaldia Usurbilen
JAKIN
Actualizado: miércoles, 12 julio 2017 12:13

DONOSTIA, 12 (EUROPA PRESS)

Jakin Fundazioak, Usurbilgo Udalak eta Udako Euskal Unibertsitateak (UEU) "Euskara, generoa, jatorria eta klasea gurutzatzen diren lekua" jardunaldia egingo dute ostegunean eta ostiralean, uztailaren 13an eta 14an, Usurbilen, Udarregi ikastolako jangelan. Bertan 12 hizlari eta 100 entzule baino gehiago bilduko dira.

Antolatzaileen esanetan, eguneroko bizitza eta besteekiko bizikidetza hizkuntza, genero, klase sozial eta jatorriaren arteko harremanetan josten da, eta batzuetan korapilatu eta bestetan askatu egiten da. "Harreman horien nolakotasunak esaten digu zerbait geure buruaz, geure taldetasunetaz, eta azken finean, herria egiteko geure moduez, ezinez eta indarguneez", adierazi dute.

Bada, jardunaldian hainbat galderei erantzuten saiatuko dira, hala nola nola kudeatu hizkuntza eta kultura aniztasuna euskararen normalizazioan lagungarri izan dadin; euskal hiztunok zer duten eskaintzeko beste hizkuntza ez hegemonietako hiztunei; zer den klasea gaur egun; hizkuntza, generoa, klasea, jatorria non, noiz eta nola gurutzatzen diren; edota non eta nola ahaldundu gaitezke hiztun gisa, emakume gisa, langile gisa edo migrante gisa.

"Horren guztiaren inguruko hausnarketari denbora eta lekua eman nahi diogu lehen Jakin Jardunaldi hauetan eta horretarako 12 aditu eta aritu bilduko ditugu, diskurtsoa eraikitzen eta praktika egikaritzen dabiltzanak denak", azaldu dute.

Hala, ostegunean diskurtsoari helduko zaio gehienbat, eta, ostiralean, aldiz, "bizi ibilbideen errepasoa baliatuko dute bidegurutzea zeharkatzeko". Horretarako, euskararen ondoan, kitxua, wolof eta galiziera hizkuntzek ere izango dute lekua.

Jardunaldiek jarraipena izango dute ikastaro orduetatik kanpo. Ostegunean, "Harria-Hitz" Usurbilgo herriaren eta euskal kultura garaikidearen arteko loturari buruzko bisita gidatua egingo da 18:00etan. Bisitariek Jose Luis Zumeta margolariaren arte estudioa ezagutzeko aukera izango dute ondoren.

Gauean, berriz, Joseba B. Lenoir eta Miren Narbaiza musikariek elkarrekin eskainiko dute emanaldia, eta La Basuk hartuko die lekukoa Mikel Laboa plazan. Kultura ekimen guztiak doan izango dira eta kontzertuak bertaratzen diren guztientzako izango dira.