Euskara ikasteko oinarrizko mailen ziurtagiriak aitortuko ditu Eusko Jaurlaritzak

Actualizado: miércoles, 6 marzo 2013 13:12

HABEk Elhuyarren laguntza teknikoarekin egin duen "Primeran!" ikasmaterial berria aurkeztu da


DONOSTIA, 6 Mar. (EUROPA PRESS) -

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak, HABEren eskutik, Hizkuntzako Europako Markoaren A1 eta A2 euskarazko oinarrizko mailen agiri akademikoak aitortuko ditu, Helduen Euskalduntzerako Oinarrizko Curriculumaren (HEOC) irakas-marko nagusian sartuz.

Testuinguru horren baitan, maila horietako ikasleentzat "Primeran!" euskara ikasteko metodo berria aurkeztu du asteazken honetan HABEk Donostian, Elhuyarren laguntza teknikoarekin egin duen ikasmateriala, hain zuzen. Aurkezpenean izan dira Hizkuntza Politikako sailburuorde Patxi Baztarrika, HABEko zuzendari Joseba Erkizia eta Elhuyarreko zuzendari Leire Cancio.

Erkiziak adierazi duenez, oinarrizko mailetan ikasteko prozesua bizkortzeaz gain, "A1 eta A2 mailako agiria ematearekin, euskaraz oinarrizko maila eskuratzen dutenen ahalegina aitortu nahi dugu, ikasle asko baitago euskaltegietan euskara maila oinarrizko edo tarteko bat eskuratzeko helburua duena".

"Adibidez, ostalaritzan edo saltokietan lanean ari direnak, bilobekin oinarrizko komunikazio bat euskaraz izan nahi duten aiton-amonak eta abar. Horrenbestez, oinarrizko maila horietan dauden ikasleek egiten duten ahalegina aitortu nahi da", gaineratu du.

HABEko zuzendariak azpimarratu duenez, Helduen Euskalduntzearen Oinarrizko Curriculumean Europako Markoaren sei mailak (A1, A2, B1, B2, C1 eta C2) "mugarri gisa jasoz", A1 eta A2 mailen aitortza akademikoa bultzatuko du HABEk.

Hori da, hain zuzen, aurkeztu den ikasmaterialen gisakoak sortzeko arrazoi nagusia, "hutsetik abiatzen den euskara-ikasleak hasierako urratsak eroso eta azkar egin ditzan, oinarrizko eta tarteko euskara-gaitasuna ahalik eta jende gehienaren eskura jartzeko", Baztarrikak azaldu duenez. "Oinarrizko euskara batez jabetzeko aukera jarri nahi dugu herritarren esku, eta halaxe egiten ari gara, HABEren eta euskaltegien arteko elkarlanaren bitartez", gaineratu du.

Hizkuntza Politikako sailburuordearen hitzetan, "herritar elebakarrak animatu egin nahi ditugu, euskarara hurbildu daitezen, euskararen ezagutza bat eskura dezaten. Hartara, euskararen munduak eta euskarazko kultura-ekoizpen aberatsa eskuragarri izango dituztelako. Elebitasunaren abantailez eta aberastasunak gozatu ahal izango dutelako".

"PRIMERAN!"

Beraz, testuinguru horretan kokatzen da asteazken honetan Donostian aurkeztu den "Primeran!" HABEren ikasmaterial berria, Elhuyarren laguntza teknikoarekin burutu dena. "Material horiek taldean eta aurrez aurre lantzeko dira, eta 200 ordu inguruko ikas-prozesua aurreikusten dute, ikuspegi komunikatiboan oinarrituta", nabarmendu du Erkiziak.

Bere esanetan, "hartzaile potentzialei dagokienez, gaur euskaltegien sarean 5.140 pertsona heldu ari dira ikasten ikasmaterial hauei dagokien mailan, eta, jakina, material hau egokia da beste hainbat esparrutan ere euskara ikasten ari diren ikasleentzat, hala nola Hizkuntza Eskola, euskal etxe, kanpo unibertsitateetako irakurlego, irakaskuntza arautu eta abarretan".

Azkenik, Elhuyarreko zuzendari nagusi Leire Canciok adierazi duenez, "Primeran!" euskara ikasteko metodoa Elhuyarrek euskara ikasi edo landu nahi duten horiei eskainitako eskaintza osatzera dator. Elhuyarren zutabea hiztegiek osatzen dutela jakinarazi du: hiztegi elebidunek (euskara-gaztelania/castellano-vasco, euskara-ingelesa/English-Basque eta euskara-frantsesa/français-basque), paperean zein sarean, Elhuyarren webgunean. "Hiztegi horiek guztiak, gainera, smarthphone eta tabletetan ere erabil daitezke", gogoratu du.