Euskararen erabilera areagotzeko eta sendotzeko zortzi hiztegi berri

Hiztegi berriak aurkeztu dira
EUSKO JAURLARITZA
Actualizado: jueves, 11 febrero 2016 14:27

DONOSTIA, 11 (EUROPA PRESS)

   Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak euskararen erabilera areagotzeko eta sendotzeko zortzi hiztegi berri aurkeztu ditu ostegun honetan Donostian, bi elebidunak eta beste sei terminologikoak.

   Patxi Baztarrika Hizkuntza Politikarako sailburuordea, Jokin Azkue Euskara Sustatzeko zuzendaria, Xabier Legarreta Kontsumobideko zuzendaria, Xabier Balerdi Justizia Saileko ordezkaria, Iñaki Laskurain Euskadiko Errugbi Federazioko lehendakaria, Olatz Osa Elkar argitaletxeko zuzendaria, Josu Aztiria Elhuyar Fundazioko ordezkaria, Eneko Oregi HAEEko Euskara zuzendariordea eta Araceli Díaz de Lezana Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzako Hizkuntza Plangintzako arduraduna izan dira ekitaldian.

   Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren eginkizun nagusietako bat da euskararen erabilera areagotzeko neurri eta ekimenak martxan jartzea, eta, erabilera handitzeko bide horretan, "erreminta paregabeak dira" Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologiak (IKTak).

   Horrela ba, ostegun honetan aurkeztu diren hiztegi berriak Eusko Jaurlaritzaren Euskararen Agenda Estrategikoan (2013-2016) aurreikusitako konpromiso bati erantzutera datoz. Euskararen Agenda Estrategikoan 13 lan ildo eta 168 ekintza definitu ziren; 13 lan ildo horietako bat zuzen zuzenean lotuta dago IKTekin, eta 168 ekintza horietako batek, 3.11 atalean, zera dio: "Hiztegi elektronikoak, hiztegien pluginak, corpusak, hiztegi entziklopedikoak, itzulpengintzari laguntzeko tresnak, itzultzaile automatikoa eta bestelako tresnak sarean erabiltzaileen eskura jartzen jarraitzea".

   Aurkeztu diren hiztegi guztiak on line kontsultatu daitezke www.euskara.euskadi.eus webgunean. Horrela, alde batetik, bi hiztegi elebidun aurkeztu dira. Lehenengoa, Elhuyar hiztegiaren on line bertsio eguneratua da; hiztegi hau 2000tik kontsultatu daiteke Euskara webgunean. Bigarrena, alemana-euskara/euskara-alemana hiztegia da, Elkarrek paperezko formatuan 2006an kaleratu zuena; aurrerantzean on line egongo da kontsultagai.

HIZTEGI TERMINOLOGIKOAK

   Bi hiztegi orokor horiez gain, Euskararen Aholku Batzordearen barruan dagoen Terminologia Batzordeak onartutako sei hiztegi terminologiko argitaratu berriak aurkeztu dira (2002an martxan jarri zenetik Terminologia Batzordeak 52 hiztegi terminologiko onartu ditu).

   Hauek dira sei hiztegi terminologikoak, arloka sailkatuta: hizkuntza paisaian, merkataritzan eta kontsumoaren arloan, "Merkataritza eta Marketina Hiztegia" eta "Kontsumitzaileen eta erabiltzaileen defentsa Hiztegia"; kirolaren arloan: "Errugbi Hiztegia" eta "Mendizaletasuna Hiztegia"; eta herri administrazioan eta zuzenbidean, "Herri-ogasuna Hiztegia" eta "Prozedura Kriminala Hiztegia".

   Aurkezpenean, hiztegi terminologiko horiek erabiliko dituzten erabiltzaileen ordezkari adituek parte hartu dute eta, bakoitzaren alorrean, terminologia berezitu hori euskaraz normalizatua izateak duen garrantzia azpimarratu dute.

   Azkenik, Terminologia Batzordeak onartutako lan berezi bat ere aurkeztu da: "Hizketa-ereduak/Modelos de conversación". Lan horrek hainbat egoeratarako elkarrizketa ereduak eskaintzen ditu eta euskaratik nahiz gaztelaniatik kontsulta daiteke. Argitalpen hori oso erabilgarria izango da euskara ikasten ari direnentzat.

EUSKARAREN AGENDA ESTRATEGIKOA

   Patxi Baztarrikak hiztegien aurkezpenean adierazi duenez, tresna berriak Eusko Jaurlaritzaren Euskararen Agenda Estrategikoan "hitzez hitz aurreikusitako konpromiso bat betetzera datoz". "Hain zuzen, Euskararen Agenda Estrategikoan jasotzen dira, Eusko Jaurlaritzak 2013-2016 aldirako, euskara biziberritzearen alde aurrera eraman behar dituen ekintzak eta jarduera nagusiak; batzuek jadanik burutuak eta beste batzuk burutze bidean daudenak", azaldu du.

   Horrela, Euskararen Agenda Estrategikoaren izenburua ekarri du gogora, "euskara, bizikidetzarako hizkuntza bizia", eta ziurtatu du bizikidetza eta euskara dutela helburu, "ez edonolako hizkuntza izatea, hizkuntza bizia izatea baizik".

   Ildo horretan, euskara etorkizunean "komunikazio hizkuntza ohikoa izatea" bilatzen dutela adierazi du. "Komunikaziorako erabilia izatea da hizkuntza bizia izateko ezinbesteko baldintza. Dagoeneko ondo dakigunez, hiztun izateko, hizkuntza bat erabiltzeko, ez da nahikoa nahi izatea; gainera, besteak beste beharrezkoa da, hiztuna hizkuntza horrekin komunikaziorako eroso sentitzea. Adierazi nahi den hura adierazteko hitzak eta termino egokiak eskura izatea. Horretarako lagungarri dira gaur hemen aurkeztu ditugun bederatzi produktuak", azaldu du.

   Bestalde, Josu Aztiriak, Elhuyar Fundazioaren izenean, adierazi du Elhuyar hiztegia erabiltzen duten erabiltzaileen %98ak "erantzun egokia" aurkitzen duela bertan, eta Elkar argitaletxeko zuzendari Olatz Osak esan du Elkarren helburua dela, "zubi hizkuntzarik erabili gabe, erabiltzaileak zuzenean euskaratik alemanera edota alemanetik euskarara jardun ahal izatea".

   Halaber, Kontsumobideko zuzendari Xabier Legarretak ziurtatu du merkataritza eta kontsumo arloko hiztegiak kontsumo harremanetan diharduten kontsumitzaile, saltoki eta enpresen "oinarrizko hizkuntza premiak asetzeko baliagarri" izango dela.