Euskararen gaineko diskurtso partekaturako zoru komunaren oinarria Topaguneari aurkeztu dio Jaurlaritzak

Bileraren aurkezpena
EUSKO JAURLARITZA
Actualizado: jueves, 10 marzo 2016 17:17

BILBO, 10 (EUROPA PRESS)

   Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuorde Patxi Baztarrikak eta Iñaki Martinez de Luna soziolinguistak EGOD egitasmoa eta euskararen gaineko diskurtso partekaturako zoru komunaren oinarria aurkeztu dituzte ostegun honetan Durangoko (Bizkai) Pinondo Etxean izandako bilera batean. Bi lanak Euskaltzaleen Topaguneari aurkeztu zaizkio bileran, bere presidente Elena Laka bertan zegoela, eta Lakak berak ireki du ekitaldia.

   Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak legealdirako lan programa aurkeztu zuen legealdiaren hasieran. Lan programa horretako konpromiso eta eginkizunen artean nabarmendu zenetariko bat izan zen, "euskal gizartean euskarari buruz dauden diskurtsoen lanketa egitea, eta diskurtso ezberdinen arteko kontrastea eta eztabaida bultzatzea, ahalik eta parte hartze zabalenarekin".

   Euskararen Aholku Batzordeak, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak hala proposatuta, 2013-2014 aldirako lan programa onartu zuen eta programa horretako eginkizunetariko bat, hain zuzen ere, honelaxe definituta onartu zen: "euskararen gaineko oinarrizko diskurtsoak aztertu, kontrastatu, berritu eta bateratze bidean jartzea".

   Eginkizun hori garatzearen ardura Euskara 21 batzorde atalaren esku jarri zen, eta aurrera eramateko "Euskararen Gaineko Oinarrizko Diskurtsoaren lanketa" (EGOD) izeneko egitasmoa jarri zen martxan. Egitasmo horren zuzendaria Euskara 21 batzorde atalaren zuzendaria bera da, Iñaki Martinez de Luna. EGOD egitasmoak euskararen gaineko oinarrizko diskurtsoak aztertu, kontrastatu, berritu eta bateratze bidean jartzea du helburu. Horrela izendatu dira bost diskurtsoak: Errespetuarena, Balio pragmatikoarena, Sustatzailea, Aldarrikatzailea eta Mesfidatia.

ZORU KOMUNA

   EGOD egitasmoaren barruan egindako ikerketetatik ateratako informazioa landuz, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak diskurtso ezberdinen arteko intersekzioa izan litekeenaren eduki zehatzak definitu ditu. Intersekzio hori izan daiteke, hain zuzen ere, euskararen gaineko diskurtso partekaturako zoru komunaren oinarria.

   Aurretiaz aipatu diren bost diskurtsoak zenbait esaldiz (33 esaldi, guztira) osatuta daude eta esaldi bakoitzak onarpen maila ezberdina du. Intersekzio edo zoru komun hori definitzeko, esaldi hauetatik edota ikerketako bestelako galderetatik ateratako ideietatik %66,6tik gorako babesa dutenak hartu dira.

   Beraz, esaldiak aukeratzeko, ezinbestez, bi hereneko babesa izan behar dute, eta onartutakoak 21 izan dira. Horrela, lan honi esker, definituta geratu dira gutxienez gizarteko bi herenek ontzat ematen dituzten ideiak.