Euskararen Ginkana abian da, 21 talderen parte hartzearekin

Iazko Ginkanaren irabazleak
Foto: EUSKARAREN GINKANA
Actualizado: jueves, 12 marzo 2015 13:34

BILBO, 12 (EUROPA PRESS)

   Kutxa Ekoguneak eta Azkue Fundazioak Euskaltzaleen Topagunearen koordinaziopean sustaturiko Euskararen Ginkanak bidea hasi du jada, eta 21 talde ari dira 3.000 euroko saria lortzeko lehian, horretarako astero proposatzen diren erronkak burutuz. Dagoeneko hirugarren proba egiten ari dira, euskara, teknologia berriak eta ekologia gaitzat hartuta, Topaguneko iturriek jakinarazi dutenez.

   Parte hartzaileek zortzi galderaz osatutako galdera sorta erantzun behar izan dute lehen proban. Bigarrenean, aldiz, Mintzatu.com aplikazioaren bidez euskararen arnasgune diren lekuak identifikatzen aritu dira. "Izan ere, biziberrituko badira, hizkuntza gutxituek ezinbestekoak dituzte erabilera gune normalizatuak, hizkuntzak lasai arnas hartzeko lekuak", adierazi dute.

   Ginkanako talde parte hartzaileei, beraien herri edo eskualdean arnasgune horietako batzuk bilatu eta partekatzeko eskatu zaie, euskarazko zerbitzua eskaintzen duten lekuak jasotzen dituen mapan bateratu ahal izateko.

   Parte hartzaileek sei proba egin beharko dituzte guztira. Puntuazio altuena lortzen duten lau taldeak pasako dira apirilaren 18an izango den finalera, eta bertan gainditu beharko dituzte lehiaketaren edizio honetako azken probak. Euskararen aldeko egitasmo bat sustatzeko 3.000 euro daude jokoan.

   Euskal Herriko hainbat txokotako izaera ezberdinetako taldeak bildu ditu berriro Euskararen Ginkanak. Euskara elkarte eta taldeez gain, hedabideak, kultur egitasmoak, ikasle taldeak, aisialdian edota hezkuntzan ari diren eragileak eta beste hainbat animatu dira Kutxa Ekoguneak eta Azkue Fundazioak antolatutako proiektu honetan parte hartzera.

   Guztien artean, euskaraz eta euskararekin dibertitzea da helburua, bide batez aurten proposatutako gaiei buruzko ezagutza zabaldu eta eskura daude baliabideak ikusarazteko.