Euskararen Nazioarteko Egunaren harira 150 ekitaldi antolatu dira Donostian

Euskararen Egunaren harira Donostian antolaturikoak aurkeztu dituzte
Foto: DONOSTIAKO UDALA
Actualizado: miércoles, 26 noviembre 2014 14:17
av2" class="NormalTextoNoticia" itemprop="articleBody">

DONOSTIA, 26 (EUROPA PRESS)

   Euskararen Nazioarteko Eguna dela eta, 150 bat ekitaldi antolatuko dira datozen egunetan Donostian, "Euskararen Hirian". Horrela, hiriko auzo eta herrietan ospakizunak aurreratu egin dituzte eta datorren asteburuan, azaroaren 29an eta 30an, horietako asko egingo dituzte. "Euskara, etenik ez duen haria" izango da aurtengo leloa, Donostiako Udalak eta hiriko hainbat eragile eta erakundek adostuta. Leloaren bidez, hizkuntza transmisioak duen garrantzia nabarmendu nahi dute, hau da, euskara belaunaldiz belaunaldi transmititzeak duen garrantzia.

   Nerea Txapartegi Udal Gobernuko Euskara arduradunak leloaren atzean dagoen mezua azpimarratu du: "Euskararen Nazioarteko Egunean transmisioa izango dugu ardatz, donostiar askok euskara transmititu zutelako hitz egiten da gaur egun euskara gure hirian, eta orain lekukoa hartuko dugu. Guztioi esker da gure hiria Euskararen Hiria. Eta aurreko belaunaldiek euskararekin izan zuten konpromisoa aitortu nahi dugu, horiei esker gaurdaino iritsi baita gure hizkuntza, gure ondarea, gure altxorra".

   Horrela, Donostiako Udalak, horren harira, ekitaldi bat antolatu du datorren larunbatean, abenduaren29an, eguerdiko 12:00etan, San Telmo Museoan. Donostiako ahozko ondarea katalogatu eta hedatzeko Ahotsak programan parte hartu duten 148 donostiar eta euren ondorengoak gonbidatu dira ekitaldira. Donostiar hauek elkarrizketatuak izan ziren eta euren euskara eta bizipenekin 3.000 bideo/pasarte jasota daude www.ahotsak.com/donostia web atarian. Herritarren batek bertara joateko asmorik izanez gero, gonbidapenak aldez aurretik banatuko dira San Telmo Museoan agortu arte.

   Horrez gain, hainbat auzotan hizkuntza transmisioarekin lotura duten ekintzak ere antolatuko dira: haurrentzako jolas tradizionalak, garai bateko jolasak berreskuratu eta lagunartean ikasteko; kanta jirak, euskal kanta tradizionalak berreskuratu eta sustatzeko, eta abar.

   Txapartegik hiriko auzo eta herrietan antolatu diren ekitaldiak ere nabarmendu ditu. "Hiriko 15 auzo eta herrietan antolatu dituzte jai egitarauak: Aieten, Altzan, Amaran, Amara Berrin, Antiguan, Añorgan, Bidebietan, Egian, Grosen, Igeldon, Intxaurrondon, Loiolan, Loiolako Erriberan, Martutenen eta Parte Zaharrean", azaldu du.

   Horrez gain, esku programan ere jasota daude azaroren erditik abenduaren 5era bitartean hirian antolatuko diren bestelako jarduerak. Guztira, ia 70 eragilek 150 bat ekintza antolatu dituzte. Horren guztiaren berri emateko esku programa eta kartelak banatu dira hirian zehar.

MINTZODROMOA

   Euskararen Nazioarteko Egunean bertan, abenduaren 3an, beste hitzordu berezi bat egongo dela aurreratu du Txapartegik. "Euskal Herri osora zabaldu diren mintzodromoak gure hirian sortu ziren duela bost urte, eta urtemuga berezi honetan, mintzodromo berezi bat izango dugu", esan du.

   Horrela, Belaunaldien arteko Mintzodromo berezia izango da abenduaren 3an, 12:00etan, San Telmo Museoan. Bertan, gazteak, helduak eta adinekoak ariko dira. Mintzodromo berezi horretan hainbat eragile eta udal ordezkari ere izango dira, Juan Karlos Izagirre alkatea buru. Donostia Lagunkoia ekimenean parte hartzen duten adinekoak ere egongo dira ekimenean.

   Mintzodromo bereziaren aurretik, beste bi ohiko mintzodromo antolatuko dira San Telmon 10:00etan eta 11:00etan eta Altzako Larratxo kultur etxean 11:00etan. Horrez gain, ostiral honetan, azaroaren 28an, 10:00etan, beste mintzodromo bat antolatu da Amara Berriko Arcco merkatalgunean.

   Hala ere, euskararen erabilera ez dela egun bakar batera mugatu behar adierazi du Txapartegik, eta egunero erabiltzeko deia egin du. "Donostia Euskararen Hiria daukagu, eta egunero, uneoro eta lekuoro, erabili behar dugu euskara, denon ahotan egotea, denon eskuetan dago", adierazi du.

#EREEUSKARAZ

   Bestalde, Euskararen Nazioarteko Egunean bertan Donostiako Udalak antolaturiko ekintzetan parte hartzerik ez duen herritarrak euskararekiko bere atxikimendua adierazteko modua izango du. Horretarako nahikoa izango du mezu bat bidaltzea sare sozialen bitartez #ereeuskaraz traola erabilita. Horrela, herritarrak mezuak bidaltzera animatu ditu Nerea Txapartegik.

   Sare sozialak erabiltzen ez dituenak beste bi bide izango ditu bere mezuak helarazteko: udala_euskara@donostia.org posta helbidera mezu bat bidaliz edota 662 30 45 60 telefonora mezua edo whatsapp bat bidaliz. Egunean zehar zein aurretik jasotako mezu guztiak www.euskaraz.net eta @euskaraz-en (twitter eta facebook) argitaratuko dira abenduaren 3an.

   Halaber, Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak Donostia Kulturaren laguntzarekin antolatzen duen "Gazteak zinera eta antzerkira" izeneko ekimena DBHko ikasleei zuzenduta egingo da. Aisialdia euskaraz gozatzeko aukera eman nahi zaie gazteei eta erakargarriak izan daitezkeen euskarazko filmak eta antzerki lanak eskaintzen zaizkie.

   Alde batetik "Bypass" filma ikusteko aukera izango dute Antzoki Zaharrean, eta bestetik, antzerkiari dagokionez, Zurriola Antzerki Eskolako gazteek "Peter Pan" antzezlana eskainiko dute. Ekimen arrakastatsua da oso eta Donostiako ikastetxe askotako 12 eta 16 urte bitarteko ikasleak joango dira euskarazko zinema eta antzerkia ikustera: guztira 2.500 lagunetik gora.