Euskarari lehentasuna emango dion dekretua onartuko du Gipuzkoako Aldundiak

Larraitz Ugarte dekretuaren nondik norakoak azaltzen
Foto: GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA
Actualizado: viernes, 19 septiembre 2014 14:39
av2" class="NormalTextoNoticia" itemprop="articleBody">

DONOSTIA, 19 (EUROPA PRESS)

   Gipuzkoako Foru Aldundiaren hizkuntzen kudeaketan euskarari lehentasuna emango dion dekretua onartuko du foru erakundeak datozen asteotan. Dagoeneko praktikan euskarari lehentasuna ematen badio ere, Aldundiak nahi du lehentasuna modu formalean jasota egotea.

   Dekretua foru erakundearen hizkuntzen politikaren oinarria izango da hurrengo bost urteetarako. Bere jardueraren esparru publiko guztiei eragingo die, eta, era berean, barneko alderdiei ere (lanpostuen hizkuntza eskakizunak, atalak).

   "Zer egin euskararen lehentasuna lortzeko?" izenburuko jardunaldian aurkeztu du gaur Gipuzkoako Foru Aldundiak dekretua. Euskalgintzako kideek eta euskara teknikariek bete egin dute Donostiako Koldo Mitxelena Kulturuneko aretoa, euskararen lehentasunaren gaia zenbait ikuspegitatik aztertu baitute bertaratutako dozena bat hizlarik.

   Larraitz Ugarte Gipuzkoako Foru Aldundiko bozeramaileak azaldu du neurria hizkuntza aukeraren berdintasuna bermatzeko onartuko dela. "Hizkuntza ahularen aldeko jokabide positiboko neurriak eman behar dira", adierazi du. Horregatik, Gipuzkoako Aldundiak ereduzko jokabideak izateko erantzukizuna hartu nahi izan du, eta Europako Kontseiluaren Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Gutunaren 7.2 artikuluan du oinarria.

   Dekretuak euskaldunei euskararen erabilera erraztea nahi die, eta horretarako, Aldundiaren zerbitzuak euskaraz erabiltzeko eragozpenak kendu nahi ditu. Horrela, 2015erako bere zerbitzu guztiak euskaraz emateko konpromisoa berretsi du Gipuzkoako Foru Aldundiak.

PREBENTZIOAREN IKUSPEGIA

   Prebentzioaren ikuspegia barneratzeko neurriak jasoko ditu Gipuzkoako Aldundiak, eta bere lan esparru eta molde guztietan euskararen egoera sozialari kalterik ez egiteko ikuspegia barneratuko da horrenbestez.

   Neurri prebentiboak aurreikusi beharko dira erakundearen politikak eta neurriak ezarri aurretik, jarduerak diseinatzen diren unean bertan. Beraz, aurreikuspenez aritu beharko da hizkuntzaren kudeaketari dagokionean, eta eragin linguistikoaren ebaluazioa egin beharko da.

   "Euskararen ofizialtasunak herritarren hizkuntza eskubideak bermatu behar ditu, unibertsaltasun printzipioan oinarrituta", Ugarteren esanetan. Harreman parekideagoak lortzea eta gizarte kohesioan sakontzea nahi du dekretuak. Azken batean, herritarren hizkuntza hautua errespetatzen dela ziurtatu nahi du, bereziki, administrazioarekin dituzten harremanetan.

   Ugartek espero du dekretu honek euskararen ofizialtasuna garatzeko balioko duela. Horregatik, euskararen erabileraren aldeko lege-arauak aplikatuko ditu, gizartearen eta administrazioaren artean koherentzia handiagoa egon dadin.

   Dekretuak eraginkortasunean sakondu nahi duenez, plangintzari epe zehatzak jarriko zaizkio eta etengabeko hobekuntza eta ebaluazio tresnak ezarriko dira. Jarraipenerako protokoloak eta egitura betearazleak aurreikusi dira.