Euskarazko irrati-antzerki ikastaroa antolatu du BilbaoEszenak

Actualizado: jueves, 12 marzo 2015 11:33

BILBO, 12 (EUROPA PRESS)

   BilbaoEszena Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailaren Baliabide Eszenikoen Zentroak euskaraz egingo den irrati-antzerkiari buruzko ikastaro intentsibo bat antolatu du, apirilaren 22tik maiatzaren 27ra, eta izena emateko epea jada zabalik dago.

   Ikastaroaren antolatzaileek adierazi dutenez, "irrati bidez antzerkia egiteko modu tradizional arrakastatsuak gaurkotasuna berreskuratuko du, antzezleei, esatariei, musikariei, idazleei, gidoilariei eta sektoreko bestelako teknikariei zuzendutako laborategi horren bitartez".

   Ikastaroa BilbaoArten emango da, apirilaren 22tik maiatzaren 27ra bitarteko asteazken guztietan, arratsaldeko 18:00etatik 21:00etara, eta izen-emateak 70 euroko prezioa du (50 euro ATAE, BilbaoEszena, BilbaoArte, Artekale eta ADDEko bazkideentzat).

   Prestakuntza Maisha MC konpositore eta DJak eta Galder Pérez antzezle, zuzendari eta gidoilariak emango dute. Gainera, hainbat diziplinatan adituak diren lau gonbidaturen laguntza izango dute: Ixiar Garcíarena (diziplina anitzeko artista), Oihana Bartrarena (bertsolaria), Rufoh Beatboxena (Euskadiko beatbox txapelduna) eta Kike Amonarrizena (soziolinguista, umoregilea eta telebistako aurkezlea).

   Ikastaroan landuko diren alderdien artean, ahotsa, soinua, gidoia, soinu giroa eta efektu bereziak, bat-batekotasuna, umorea eta irratiko generoak egongo dira. Horrela, irrati bidez antzezteko testuen idazketa, dramatizazioa edo lokuzioa bezalako gaietan sakonduko da. Halaber, irrati-antzerki pieza baten sorkuntzan soinuek eta musikak betetzen duten leku garrantzitsua aztertuko da.

   Ikastaroa egiten den bitartean irrati-antzerkiko pieza bat sortu eta grabatuko da, eta, gainera, zuzenean eskaini ahal izango da, sortzen diren piezak jasoko dituen blog-aren bitartez (http://2gunbros.tumblr.com/).