Euskarazko produktuen katalogo berriaren 1.500 ale banatu ditu Getxoko Udalak

Publicado: viernes, 9 diciembre 2016 17:38

BILBO, 9 Dic. (EUROPA PRESS) -

Getxoko Udalak euskarazko produktuen katalogo berriaren 1.500 ale banatu ditu ikastetxe, institutu, euskaltegi, haurtzaindegi eta liburu dendetan. Urtean behin argitaratzen den katalogoa 16 urte bitartekoentzako erreferentziak edukitzera pasa da aurten, urteko garai honetan seme-alabei euskarazko jostailuak, liburuak, musika edota bideoak erosterakoan kontuan hartzeko.

Halaber, Getxoko Udalak 0 eta 16 urte bitarteko haur eta gazteen 7.000 familiei eman die katalogoaren berri eta ekimenarekin kolaboratzen duten eta produktuak dituzten 12 liburu denden zerrenda. Gainera, 4.000 orri markatzaile banatuko ditu.

Katalogoa egiteko merkatuan dauden produktuen arteko hautaketa egin da, berritasuna, egokitasuna eta kalitatea kontuan hartuta, eta hurrengo ataletan sailkatu dira: musika, liburuak, aldizkariak, filmak, jostailu eta jokoak, DVD eta informatika produktuak, komikiak eta gurasoentzako produktuak. Gainera, produktu bakoitzaren gutxi gorabeherako prezioa eta adinaren araberako banaketa agertzen dira.

Gainera, bertsio digitala (www.katalogoa.eus) sakelako telefonoetan eta tabletetan ikusteko egokituta dago, eta paperezkoan jasotako produktuez gain, merkatuan aurki daitezkeen beste asko ere agertzen dira, bai eta elkarrizketak, berritasunak, iritziak eta egungo albisteak ere. Gainera, argitaletxearen denda birtualera iristeko eta erosketa etxetik egiteko aukera dago produktuaren gainean klik eginez.