Euskarazko unibertsitate liburuen sorrera sustatzeko deialdia egin du UEUk

Euskarazko unibertsitate liburuen sorrera sustatzeko deialdia
UEU
Actualizado: jueves, 12 abril 2018 12:23

BILBO, 12 (EUROPA PRESS)

Udako Euskal Unibertsitatearen (UEU) 2018ko liburugintzako deialdia zabalik da. Deialdiaren xedea da euskarazko unibertsitate liburuen sorkuntza sustatzea, eta horien argitalpenerako, UEUk hainbat urtez egin duen moduan, onarpen prozesuan edukien kalitatea bermatuko duen bide eraginkorra proposatzea. Hala egileak nola irakurleak UEUren webgunean aurkituko dute onarpen prozesu horren berri zehatza. Eskariak maiatzaren 3a baino lehen bidali behar zaizkio UEUko Argitalpen Batzordearen idazkariari (argitalpenak@ueu.eus).

UEUk jakinarazi duenez, deialdi ra aurkezten diren eskariak aztertu eta ebaluatu ondoren, UEUk bere liburuen argitalpen plana zehaztuko du, eta hurrengo urteetarako aurreikuspenak egin ahal izango ditu, deialdiaren bidez onarturiko liburuei eta liburu proiektuei lehentasuna emanez.

Deialdira euskarazko unibertsitate liburuak aurkez daitezke, liburu amaituak, euskaraz sorturikoak nahiz euskaratuak (euskaraz sorturikoek izango dute lehentasuna). Deialditik kanpo geratzen dira liburu proiektuak, hau da, oraindik idatzi ez diren liburuak. Hala ere, UEUk gogoratu du datozen hilabeteotan Unibertsitateko Ikasmaterialak Sustatzeko Diru Poltsen Deialdia egingo duela eta hori izango dela liburu proiektuei egokituko zaien bidea.

Eskariak maiatzaren 3a baino lehen helaraziko zaizkio UEUko Argitalpen Batzordearen idazkariari (argitalpenak@ueu.eus). Horretarako, honako hauek bidali behar dira: "Liburua UEUn argitaratzeko eskaria" dokumentua, behar bezala beteta; egilearen edo egileen curriculum vitae, beste dokumentu batean; liburua formatu elektronikoan; liburua formatu elektronikoan, egilea identifikatzeko balioko luketen datuak ezabatuta (ebaluazio itsua egin ahal izateko); liburua paperean inprimatua, honako helbide honetara: "UEUko Argitalpen Batzordea. Erribera, 14, 1.a D. 48005 Bilbo".

UEUren Argitalpengintza Batzordeak eskatzaile guztiei jakinaraziko die zuzenean bakoitzaren eskariaren inguruko ebazpena, beranduenik irailaren 30ean. Deialdiaren inguruko argibide gehiago nahi izanez gero, argitalpenak@ueu.eus helbidera idatzi edo 946 790 546 (Nekane) telefonora deitu ahal da.