Euskaltzaindiaren "Euskera" agerkariaren aholku batzordeak sei kide berri ditu

Actualizado: martes, 29 julio 2014 17:16
av2" class="NormalTextoNoticia" itemprop="articleBody">

BILBO, 29 (EUROPA PRESS)

   "Euskera" Euskaltzaindiaren agerkari ofizialaren Aholku batzordeak sei kide berri ditu: Mixel Aurnague, Martine Berthelot, Martin Haase, Jose Ignazio Hualde, Xabier Itzaina eta Jon Landaburu. Agerkariaren Idazketa batzordeak proposatu zituen, eta Akademiaren Osoko bilkurak onartu, uztailaren 18an.

   Akademiak jakinarazi duenez, "Euskera" agerkariaren Idazketa batzordearen lehentasunetako bat agerkariaren irekiera instituzionala sustatzea izan da. Horretan sakonduz, Fundación Española para la Ciencia y la Tecnología (FECYT) erakundeak, aldizkari zientifikoen kalitatea aztertzeko ebaluazioan, "Euskera" agerkariari egindako gomendioek asmo hori indartu zuten. Izan ere, besteren artean, agerkariko Aholku batzorderako nazioarteko eta izen handiko erakundetako kideak izendatzea proposatzen zen.

   Hala, bada, Idazketa batzordeak, uztailaren 8ko bileran, zenbait irakasle eta ikerlariren izenak bildu, horien lanak eta merituak aztertu, eta Osoko bilkurari sei kideren izendapena proposatzea erabaki zuen. Osoko bilkurak izendapen hauek uztailaren 18an berretsi zituen.

   Mixel Aurnague, hizkuntzalaria eta informatikaria da. Toulouseko Jean Jaurès Unibertsitateko ikerlaria da. 2006an, Frantziako CNRS ikerketa guneko zuzendari izendatu zuten. Bere ikerketa lerro nagusiak hauek dira: espazioa eta denboraren semantika lexikala; deskribapena eta formalizazioa eta esperimentu psikolinguistikoak.

   Martine Berthelot (Rennes, Bretainia) 2004tik hona Perpignango Unibertsitatean aritu da, ikerketa zuzendari gisa. Bi dira bere ikerketa alor nagusiak: batetik, kultura judua, eta horrek Iberiar penintsulan eta Katalunian izan duen eragina; eta bestetik, katalan eta frantses hizkuntzen gramatika konparatua, didaktika, eta itzulpengintza.

   Martin Haase ikerlari alemana hizkuntza erromanikoetan aditua da. Bamberg Unibertsitateko irakaslea da, eta 2002tik unibertsitate horretako hizkuntza erromanikoen katedraduna. Bi doktore tesi eginak ditu, eta horietako batean gaskoiak eta frantsesak euskaran izan duten eragina aztertu zuen.

HUALDE, ITZAINA ETA LANDABURU

   Jose Ignazio Hualde nafarra Illinoiseko Unibertsitateko irakaslea da, Hizkuntzalaritza eta Gaztelania, Portugesa eta Italierazko departamentuan. Hizkuntzaren fonologia da bere ikerketa arlo nagusia.

   Xabier Itzaina (Nafarroa Beherea) Bordeleko CNRS-Emile Durkheim Ikerketa guneko lehen mailako ikerlarien arduraduna da. Bere ikerketa alorrak Zientzia Politikoa eta Soziologia dira.

   Jon Landaburu Parisen jaio zen bere familiak Espainiako Gerra Zibilaren ondorioz erbestera joan behar izan baitzuen. Pariseko Sorbonne Unibertsitatean egin zituen Filosofia eta Hizkuntzalaritza ikasketak eta 1976an Linguistikako doktoretza eskuratu zuen.  Kolonbian eman ditu azken 45 urteak. Bere ikerketa arlo nagusia hango herri indigenen mintzairen azterketa izan da. Besteak beste, Andeetako Unibertsitateko Etnolinguistika Masterreko programa-zuzendaria eta sortzailea izan zen (1894-1996).

   Hortaz, hauek dira Aholku batzordeko kide guztiak: Mixel Aurnague, Miren Azkarate, Joxe Azurmendi, Martine Berthelot, Josu K. Bijuesca, Gidor Bilbao, Iñaki Camino, Ana Etxaide, Jose Ramon Etxebarria, Maite Etxenike, Patxi Goenaga, Ricardo Gomez, Manuel Gonzalez, Jose Ignazio Hualde, Itziar Idiazabal, Joseba Intxausti, Iñaki Irazabalbeitia, Jacinto Iturbe, Xabier Itzaina, Jabier Kaltzakorta, Jon Landaburu, Alberto Loizate, Juan Madariaga, Joan Martí, Eneko Oregi, Jon Ortiz de Urbina, Rosa Miren Pagola, Jose Antonio Pascual, Txomin Peillen, Ibon Sarasola, Joan Mari Torrealdai, Miriam Urkia, Xarles Videgain eta Juan Jose Zubiri.