Eusko Jaurlaritza Berlingo ITBn izango da, turismoaren nazioarteko azoka garrantzitsuenean

Actualizado: miércoles, 9 marzo 2011 13:43

BILBO, 9 Mar. (EUROPA PRESS) -

Euskal Autonomia Erkidegoa (EAE) Berlingo ITBn izango da aurten, turismoaren alorreko munduko feriarik garrantzitsuenean. Eusko Jaurlaritzako Merkataritza eta Turismo sailburuorde Pilar Zorrilla eta Basquetour agentziako zuzendari Ana Izagirre gaur bertan izango dira azokan. Astean zehar egingo den feria honetan 100.000 profesionalen eta 70.000 lagunen bisita espero da.

Eusko Jaurlaritzako Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailetik jakinarazi dutenez, gaur hasi eta igandean amaituko den ITB ferian 180 herrialdetako ordezkariak izango dira, horietako batzuk oso garrantzitsuak euskal turismoaren sektorearentzat.

Alemania, esaterako, atzerritik EAEra turista gehien ekartzen duen hirugarren herrialdea da; EAEko ostatuetan jasotako erregistroen arabera, 2010ean 61.786 bidaiari etorri ziren Alemaniatik, hau da, iaz baino %17 gehiago.

Eusko Jaurlaritza "buru belarri" arituko da aurten EAEko turismoaren sektorea Alemanian sustatzen, eta horrela jasota dago 2011. urterako sustapen-egutegian. Ekainean, esaterako, bi lansaio antolatuko dira euskal enpresabururekin Frankfurten eta Munichen. Gainera, Munichen "Euskadi" marka aurkezteko ekitaldi bat antolatuko da.

Alde horretatik, Berlingo ITB feria "aukera paregabea" izango da akordioak lortzeko eta agenteekin harremanak izateko. Izan ere, datozen hiletan zenbait bidaia-antolatzaile aleman EAEra etortzekoak dira.