Jaurlaritza eta Arartekoa bildu dira bi erakundeen arteko harremana sendotzeko

Justizia Saileko eta Arartekoko ordezkariak bilduta
IREKIA
Actualizado: jueves, 17 diciembre 2015 12:52

GASTEIZ, 17 (EUROPA PRESS)

   Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako Herri Administrazio eta Justiziako sailburua eta Manu Lezertua arartekoa Gasteizen bildu dira ostegun honetan, Eusko Jaurlaritzaren Lakuako egoitzan. Bi erakundeen arteko lehen bilera izan da, eta helburua bi erakundeetako lantaldeak elkarri aurkeztea izan da, gobernuaren eta Ararteko berriaren arteko komunikaziorako, harremanetarako eta lankidetzarako oinarriak jartzeko.

   Erkorekak zuzentzen duen Herri Administrazio eta Justizia Sailari dagokio Eusko Jaurlaritzaren eta Arartekoaren arteko harremana bideratzea eta, ildo horretan, "Jaurlaritzari lehentasuna iruditzen zaio bi lantaldeen arteko harremana estua, erraza eta etengabea izatea, herritarrek egiten dituzten eskaerei eraginkortasunez erantzuteko".

   Bileran Herri Administrazio eta Justizia Saileko beste ordezkariek parte hartu dute: Peru Bazako Erakunde Harremanetarako sailburuordea, Ana Agirre Justizia sailburuordea, Santiago Larrazabal Eusko Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria eta Manuel Valín Justiziako zuzendaria. Arartekoaren aldetik, arartekoaren alboko Julia Hernández, idazkari nagusi Faustino López de Foronda eta Gizarte Harreman, Ikasketa eta Modernizazio zuzendari Inmaculada de Miguel joan dira bilerara.