Eusko Jaurlaritzak 1,3 milioi euro bideratuko ditu esnetarako behi, patata eta erremolatxaren sektoreetara

Erremolatxa zelaia
Foto: ASAJA
Actualizado: jueves, 19 febrero 2015 13:45
av2" class="NormalTextoNoticia" itemprop="articleBody">

GASTEIZ, 19 (EUROPA PRESS)

   Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikagai Politikako sailburuorde Bittor Orozek Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko Sailak patata eta erremolatxa laboreetarako eta esnetarako behien sektorerako hartutako laguntza neurrien berri eman du ostegun honetan, Gasteizen, eta 1.300.000 euro erabiliko direla jakinarazi du.

   "Ekoizpen sektore horietara bideratutako laguntza berezia sektore horiek izaten ari diren zailtasun berezien ondorioz jaio da", esan du Orozek, "bereziki, esnetarako behien sektorearen egoerarengatik, martxoaren 31tik aurrera esne kuotak desagertu egingo direlako eta horrek ziurgabetasun handia eragiten dielako".

   Era berean, erremolatxaren sektorea "une kritikoan" dagoela ohartarazi du, 2017tik aurrera ez delako azukre kuotarik egongo, laguntza europarrak murriztu egin direlako eta Mirandako azukre lantegiaren etorkizuna ez delako batere ziurra. "Jakina da, gainera, patataren sektorea ere egoera zailan dagoela Araban, bereziki azken urtean, salmenta prezioak produkzio kostuen azpitik egon direlako", gaineratu du.

   Urtebete baino gehiago da Eusko Jaurlaritza, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako aldundiekin batera, lanean ari dela 2015-2020 aldirako Landa Garapenerako Plan (LGP) berriaren diseinuan, bai eta euskal administrazioen diruarekin soilik finantzatuko diren beste laguntza neurri batzuk sortzen ere. Paraleloki, Eusko Jaurlaritza bilerak egiten ari da Europako Batzordearekin eta Espainiako Nekazaritzako Ministerioarekin, datozen urteetan ezarriko diren lineak negoziatzeko.

   "Horregatik, Eusko Jaurlaritzatik, jakinda zer garaitan gauden eta gure nekazariak garai honetan beren ereintzak planifikatzen ari direla, eta sektoreari lasaitasuna transmititzeko helburuarekin, erabaki dugu 2015ean laguntza lerro batzuk planteatzea patata zein erremolatxaren laboreetarako, eta era honetan, bi laborantza hauen etorkizunaren alde bultzada bermatzen dugu", esan du.

   Halaber, azpimarratu du neurri hauek "ingurumena hobetzen laguntzen duten nekazaritza jarduerak mantentzeko eta beraietan egin beharreko aldaketak" bultzatzeko direla.

LAGUNTZAK

   Esnetarako behien ongizateari lotuta hartutako neurriak aurreikusitako helburuak ondo bete ditu azken urteetan, eta, hori dela eta, egokitzat jo da 2015ean ere neurri hori programatzea, baldintza berdinetan. Laguntza horiek, "derrigor egin beharrekotik haratago, abereen ongizatearen alde euren borondatez zerbait egiteko konpromisoa hartua duten abeltzainei ematen zaizkie". Laguntza neurri horretaz baliatzen ez ziren abeltzain berrientzat, 2015ean laguntza espezifiko bat artikulatuko da baldintza berdinetan.

   Patata eta erremolatxa laborantzen kasuan, Eusko Jaurlaritzak emango duen gehienezko laguntza 300 euro izango da hektarea bakoitzeko. Gainera, gehienez 7.500 euroko laguntza emango du ustiategiko, eta neurri horiek foru aldundiek paraleloki bultza ditzaketen beste laguntza batzuekin osatu ahal izango dira. Laguntza neurri hauen eskaera hilabete eta erdi barru egiteko aukera izango dute erreglamenduko baldintzak betetzen dituzten  onuradunek.

   Eusko Jaurlaritzak, berriz, foru aldundiekin eta sektoreko eragileekin elkarlanean jarraituko du, nekazaritza eta ingurumenari begira sektoreko eskaerei erantzun eta Europako Batasunaren jarraibideekin bat etorriko diren neurri batzuk diseinatzeko, 2016tik aurrera programatzeko.