Eusko Jaurlaritzak 1,46 milioi euro erabiliko ditu 2012an IKTetan euskara sustatu, garatu eta normalizatzeko

Actualizado: martes, 20 diciembre 2011 18:18

GASTEIZ, 20 Dic. (EUROPA PRESS) -

Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak 2012an Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologietan (IKT) euskara sustatu, garatu edota normalizatzeko diru-laguntzak emateko araubidea ezarri eta deialdia egiteko den Agindua onartu du (IKAT deialdia). Deialdirako 1.464.200 euroko aurrekontu-saila erabiliko da.

Aginduaren xedea da IKTetan euskara sustatu, garatu edota normalizatzeko diru-laguntzak arautzea. Laguntzen deialdi honek 2012an burutuko diren egitasmoak baino ez ditu gogoan hartuko. Hori dela eta, deialdira biltzen diren egitasmoak gauzatzearen ondorioz eskaini, eman edota gizarteratu beharreko jarduerak, zerbitzuak eta produktuak 2012ko abenduaren 31 baino lehen eskaini edota gizarteratuko dira.

Bi laguntza-modalitate ezarri dira. Lehenengoa, euskarazko atari eta webguneak edo interneterako euskarazko eduki berrietarako, 950.000 euroz hornituta dago, eta bigarrenak, softwarea euskaraz sortzeko edo eta euskarara lokalizatzekoak, 514.200 euroko hornikuntza du.

Nolanahi ere, honako egitasmo hauek ez dute sarbiderik izango laguntza-modalitate honetan eta, ondorioz, kanpoan utziko dira: alderdi politikoen, hauteskundeetarako koalizioen eta sindikatuen egitasmoak; atari eta webgune pertsonalak eta puntualak; demoak eta prototipoak; giza-eskubideak eta pertsonen arteko bizikidetasun-balioak errespetatzen ez dituzten egitasmoak eta, ondorioz, herritarrei iraingarri gerta dakiekeen ikur edo elementuak jasotzen dituztenak.

Halaber, kanpoan geratuko dira herritarren duintasunari kalte egiten dieten edo indarkeriaren justifikazioa iradokitzen duten ikur edo elementuak jasotzen dituztenak; sexu bien arteko trataera-berdintasuna bermatzen ez duten egitasmoak; araubide orokorretan zein berezikoetan erabiltzekoak izanik, ikasketa-plan edo curriculumarekin lotura zuzena edo zeharkakoa duten ikasmaterial inprimatu, ikus-entzunezko edo elektronikoak gauzatzeko asmoz aurreikusitako egitasmoak

EUSKARAREN KALITATEA

Gainera, euskararen kalitatea bermatzen ez duten atari edo webguneetan egindako berrikuntza edo horietan kokatuko diren euskarazko eduki berriek ere ezin izango dute laguntzarik jaso, hau da, lehendik abian dagoen atarian edo webgunean berrikuntzak egin behar direnean, edo euskarazko eduki berriak sartu behar direnean, ezinbestekoa izango da atari edo webgune horrek euskararen kalitatea bermatzea, Euskaltzaindiak emandako arau eta gomendioak aintzakotzat hartuz eta betez.

Laguntza-mota honetan parte hartu ahal izateko baldintzak direla eta, lehenengo multzokoei dagokienez, euskarazko atari eta webguneek zerbitzu anizkoitzak eskaini beharko dituzte, etengabe eguneratzeko plangintza eduki beharko dute, bai eta gunea ezagutarazteko plana ere, euskarazko eduki berrien kasuan, horiek zabaltzeko edo ezagutarazteko plangintza zehaztuko da, eta agerian edo ezkutuan egongo den bisita-neurgailua eduki behar dute. Ezkutuan bada, entitate eskatzaileak izandako bisita-kopurua ikusi ahal izateko beharrezkoa den aukera teknikoa emango dio Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako Zuzendaritzari.

Beste multzoko egitasmoek interneten kokatzeko edo publiko zabalarentzako eskuragarri egoteko moduko plan jakina izan beharko dute nahitaez. Plan honetan ezinbestean jasoko da produktuaren euskarazko bertsioaren zabalkundea.