Eusko Jaurlaritzak 15 milioi euro emango ditu Saiotek programa zientifiko-teknologikoaren ikerketarako

Actualizado: martes, 1 marzo 2011 18:32

GASTEIZ, 1 Mar. (EUROPA PRESS) -

Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak 15 milioi euroko gastua onartu du gaur Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarearen barnean hartutako eragile zientifiko-teknologikoei eman beharreko laguntzen deialdirako, Saiotek programaren esparruan egin beharreko funtsezko ikerketarako.

Saiotek programak Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Sarearen barnean hartutako agente zientifiko-teknologikoak ditu jomugan, eta funtsezko ikerketari lotzen zaio. 2011rako sei milioi euroko aurrekontua aurreikusi da, eta datorren urterako beste bederatzi milioikoa. Enpresa interesdunek maiatzaren 31ra arteko epea dute laguntza eskatzeko.

Berrikuntza eta Teknologia Sailburuordetzak koordinatzen du Saiotek programa, eta zenbait jarduera biltzen ditu, hala nola espezializazio-proiektuak, jakintza sakontzera bideraturikoak EAEko zientzia, teknologia eta berrikuntzarako politikaren ardatzekin lerrokaturiko alor zientifiko-teknologikoetan.

Halaber, nazioartekotze-proiektuak ere jasotzen ditu, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko agenteek bultzaturiko nazioarteko lankidetzarako proiektu eta akordioak egitera bideraturikoak.

Inkubazio-proiektu zientifiko-teknologikoak ere barne hartzen ditu, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko agenteek lankidetzan eginikoak, bai eta sare zientifiko-teknologikoen proiektuak ere, tematikoak, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko bi agentek edo gehiagok konpartituriko ikerketa bat egituratzen dutenak (euskal unibertsitateak, I+G enpresarialeko unitateak eta abar).

Azkenik, interes bereziko ekintzak ere jasotzen ditu Saiotek programak, hala nola nazioarteko mugigarritasuna, azpiegiturak sortzea eta ekipamendu zientifiko aurreratua eskuratzea, eta txostenak, azterketak eta abar zabaltzea eta lantzea.

2010ean, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko agenteek aurkezturiko 70 eskaerak onartu ziren. Iazko deialdirako 14 milioi euro esleitu ziren hasiera batean, 75 proiekturi laguntzeko asmoarekin. Azkenean baliabide ekonomikoak 2,5 milioi euroan igo ziren, eta horrek bide eman zuen zentro eskatzaile guztien jarduera neurri handiagoan bultzatzeko. Hala, 70 zentroen 2010-2011ko jardun-planek laguntza jaso zuten.

2011ko deialdirako, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko agenteen finantza-premiak aztertu dira, eta 15 milioi beharko direla aurreikusi da (sei milioi 2011n eta bederatzi milioi 2012an). Aurreikusita dago aurrekontu horrekin, guztira, agente zientifiko-teknologikoek bultzaturiko 80 proiekturi lagunduko zaiela.