Eusko Jaurlaritzak 2012an hasiko du D ereduko ikasleei euskarazko tituluak emateko prozesua

Actualizado: martes, 16 noviembre 2010 19:04

Bi homologazio maila aurreikusi ditu: bata DBHko amaierarako eta bestea unibertsitatea bukatzen dutenentzat


GASTEIZ, 16 Nov. (EUROPA PRESS) -

Eusko Jaurlaritzak 2011-2012 ikasturtean jarri nahi du martxan D ereduko ikasleei euskarazko titulazio homologatuak emateko prozesua. Blanca Urgell Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburua Legebiltzarreko batzordean izan da helduentzako euskarazko heziketa-zentroen egoeraz informatzeko, eta bere Saila eta Hezkuntza Saila helburu hori lortzeko lanean ari direla azaldu du.

Bere agerraldian Urgellek adierazi duenez, modu honetan Administrazioak berak eta ikasketak D ereduan egiten dituzten ikasleek egiten duten "ahalegina" aprobetxatu nahi da. "Euskalduntzeko ahalegin honek tituluak ekarri behar ditu, azterketa gehiagotara aurkeztu beharrik ez izateko", esan du.

Batzordetik irtetzean hedabideei eskainitako adierazpenetan, Urgellek gaineratu du euskararen ezagutzaren homologazioa bi mailatan egingo dela. Alde batetik, unibertsitate aurreko zein unibertsitateko ikasketak D ereduan egin dituzten ikasleek ezagutza aurreratuko titulua jasoko dute, hau da, EGA edo antzekoa.

Bestalde, DBH bukatzean beste titulu bat emango zaie -maila baxuagokoa- ordura arte D ereduan ikasi dutenei. Kultura sailburuak adierazi duenez, kasu honetan euskara ezagutzaren zein maila homologatu behar den aztertzen ari dira.

Urgellen esanetan, Eusko Jaurlaritzaren helburua datorren ikasturtean jada "pauso zehatzen bat" ematea da, prozesua martxan jartzen hasteko. Asmoa herritarrei "gauzak erraztea" dela gaineratu du.

Zentzu honetan, euskarazko titulu homologatu bat lortu nahi duten pertsonek egin behar dituzten azterketa ugariak askotan beraientzat "arazo" izaten bukatzen dutela adierazi du.