Eusko Jaurlaritzak 2.856.000 euro zuzenduko ditu euskararen erabileran gizartean eta IKTetan sustatzeko

Actualizado: martes, 19 abril 2011 19:11

GASTEIZ, 19 Abr. (EUROPA PRESS) -

Eusko Jaurlaritzak 2.856.000 euro bideratuko ditu guztira Informazio eta Komunikazioko Teknologien (IKT) sektorean eta gizarte-bizitzan euskararen erabilera sustatzeko, garatzeko eta normalizatzeko, gaurko Gobernu Kontseiluan onetsitako Kultura sailburuaren bi Aginduren arabera.

Horrela, IKTetan euskara sustatu, garatu edo normalizatzeko diru-laguntzetarako aurrekontua 1.576.000 eurokoa da. Agindu honen xedea da IKTetan euskara sustatu, garatu edo normalizatzeko diru-laguntzak arautzea. Laguntzen deialdi honek 2011n burutuko diren egitasmoak baino ez ditu gogoan hartuko. Hori dela eta, deialdi honetara biltzen diren egitasmoak gauzatzearen ondorioz eskaini, eman edota gizarteratu beharreko jarduerak, zerbitzuak eta produktuak 2011ko abenduaren 31 baino lehen eskaini, eman edota gizarteratuko dira.

Laguntzen modalitate bat euskarazko atari eta webguneek edo interneterako euskarazko eduki berriek osatuko dute. Talde honetarako 876.000 euro erabiliko dira. Beste laguntzen modalitatea softwarea euskaraz sortzeko edo euskarara lokalizatzeko egitasmoek osatuko dute, eta horretarako 700.000 euro erabiliko dira.

Lehenengo modalitaterai dagozkion baldintzak hauek dira: euskarazko atari eta webguneek zerbitzu anizkoitzak eskaini beharko dituzte; etengabe eguneratzeko plangintza eduki beharko dute, bai eta gunea ezagutarazteko proposamena ere; euskarazko eduki berrien kasuan, horiek zabaltzeko edo ezagutarazteko proposamena zehaztuko da; webguneek agerian edo ezkutuan egongo den bisita-neurgailua eduki behar dute, eta ezkutuan bada, entitate eskatzaileak izandako bisita-kopurua ikusi ahal izateko beharrezkoa den aukera teknikoa emango dio Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako Zuzendaritzari.

Beste multzoko egitasmoek interneten kokatzeko edo publiko zabalarentzako eskuragarri egoteko moduko plan jakina izan beharko dute nahitaez.

Laguntza mota hau egitasmoen gauzatze-lanei zuzen-zuzenean egotzitako gastuei partez aurre egitera dator. Nolanahi ere, aurreko urteetan diruz lagundutako egitasmoen kasuan, berrikuntzak baino ez dira diruz lagunduko.

GIZARTE-BIZITZA

Bestalde, gizarte-bizitzan euskara sustatu, garatu edo normalizatzeko diru-laguntzen "Euskalgintza" izeneko deialdirako 1.280.000 euroko aurrekontu-saila erabiliko da. Agindu honen xedea da gizarte-bizitzan euskara sustatzeko, garatzeko edota normalizatzeko lanean diharduten pertsona fisikoek edo juridiko pribatuek 2011n burutuko dituzten egitasmoei zuzenduriko diru-laguntzak arautu eta dei egitea.

Laguntzen deialdi honek 2011n burutuko diren egitasmoak baino ez ditu gogoan hartuko. Hori dela eta, deialdi honetara biltzen diren egitasmoak gauzatzearen ondorioz eskaini, eman edota gizarteratu beharreko jardunak, zerbitzuak eta produktuak 2011ko abenduaren 31 baino lehen eskaini, eman edota gizarteratuko dira.

Diruz lagun daitezkeen egitasmoen artean daude aisialdi-taldeen jardunean euskararen erabilera areagotu eta sendotzeko egitasmoak; ezagutzatik erabilerarako jauzia egite aldera, harreman-sareetan euskararen erabilera sustatu eta indartzeko egitasmoak, bai ahozkoan bai irakurri-idatzian, zenbait gizarte-talderi zuzendutakoak lehenetsiz (haur eta gazteak, euskaldun berriak).

Halaber, haur eta gazteen aisialdiko kirol ekintzetan euskararen erabilera areagotu, sustatu eta indartzeko egitasmoek, euskara ez dakiten euskal herritarrak euskarara hurbiltzea eta beroriei euskaraz sortu eta burututako jardunaren berri ematea helburu duten egitasmoek, eta euskararen ondareari buruzko informazioa jaso, gorde edota digitalizatu eta hedatzea helburu duten egitasmoek ere jaso ditzakete diru-laguntza hauek.

Euskarari zuzenean lotutako alderdiak aztertzea helburu duten jardunaldiak, euskalgintzan ibilbide oparoa izateagatik nabarmendutako pertsonak edo elkarteak omentzeko egitasmoak, euskararen familia bidezko transmisioa sendotzea helburu duten egitasmoak, euskaraz irakurtzeko zaletasuna sustatzea helburu duten egitasmoak (irakurketa- eta idazketa-trebetasunak garatze aldera buruturiko jardunak, sariak, lehiaketak, idazleen eta irakurleen arteko topaketak eta literatura-gidak) ere izan daitezke lñaguntzen hartzaileak.

Halaber, emakumeen euskarazko sormen kulturala bultzatzea helburu duten egitasmoek (hitzaldiak, erakusketak eta tailerrak), etorkinen artean euskararen erabilera sustatzera zuzendutako jarduerak eta proiektuak bultzatzea helburu duten egitasmoak, euskaraz landu eta plazaratutako kalitatezko ekarpenak bikaintasunaren irizpideen arabera bultza eta babesteko egitasmoak, eta euskarazko jostailu, joko eta denbora-pasak ere jaso ditzakete diru-laguntzak.

Azkenik, Euskararen Aholku Batzordeak "Euskara 21. Itun Berritu Baterantz. XXI. Mende hasierako hizkuntza politikaren oinarriak" izeneko hausnarketaren ondorengo lan-ildo estrategikoak lagungarri izanik, aurreko atalean zein Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak kudeatzen dituen laguntza-motetan laguntza gai ez diren bestelako egitasmoak ere izan daitezke hartzaileak.

Begiz jotako xedeari aurre egiteko 1.280.000 euro erabiliko dira eta laguntza mota hau egitasmoen gauzatze-lanei zuzen-zuzenean egotzitako gastuei partez aurre egitera dator. Nolanahi ere, kanpoan utziko dira egitasmoa erdaraz egiteari dagozkion gastuak eta patrimonializa daitekeen ibilgetu materialean egindako inbertsioak.

Egitasmo orok gastu eta sarrera-aurrekontu orekatua izan behar du, ezinbestean, eta aurrekontu orekaturik ez duen egitasmoa kanpoan geratuko da. Egitasmo orok, gainera, gutxieneko finantzaketa-maila propioa izan behar du, ezinbestean, eta maila horretara iristen ez den egitasmoa kanpoan utziko da. Finantzaketa hori gastu-aurrekontuaren %45 izango da gutxienez, merkaturatu eta salduko diren produktuak burutzea helburu duten egitasmoen kasuan, eta gastu-aurrekontuaren %35 gutxienez gainerako kasuetan.

Aurreko puntuan aipaturiko finantzaketa propioa honako diru-sarrera hauez osatuta egongo da: eskatzailearen diru-ekarpenak, zerbitzu-salmentatik eskuratutakoak, produktu-salmentatik eskuratutakoak, publizitatetik eskuratutakoak edo entitate pribatuetatik jasotakoak.

Defizitarioak diren egitasmoei bakarrik eman ahal izango zaie diru-laguntza, hots, aurreikusitako gastuak, eskatzaileak ezinbestean jarri beharreko finantzaketa propioarekin berdindu ezin dituzten egitasmoei. Ondorioz, defizitarioak ez diren egitasmoak kanpo utziko dira.

"Euskalgintza" deialdiaren bidez eskuratutako diru-laguntza bateragarria da beste erakunde publiko zein pribatuek helburu berbererako emandakoekin, betiere gainfinantzaketarik gertatzen ez bada. Agindu honen epe-barrutia amaitu eta 21. artikuluan finkatutako justifikazioari ekin eta gero gainfinantzaketarik gertatu dela ikusten bada, diru-laguntzaren zenbatekoa murriztu egingo da. Murrizketa hori gainfinantzaketaren bestekoa izango da.

Laguntzen deialdi honetan parte hartu nahi duen orok nahi dituen beste eskabide-orri aurkezteko aukera izango du, Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik hilabeteko epean.