Eusko Jaurlaritzak 31 milioi euro bideratuko ditu seme-alaben jaiotze edo adopzioagatiko diru-laguntzetara

Recién nacido
EP
Actualizado: martes, 8 marzo 2011 18:49

GASTEIZ, 8 Mar. (EUROPA PRESS) -

Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak 31,39 milioi euro bideratuko ditu aurten seme-alabak dituzten familientzako diru-laguntzetara. Krisi-garaian egonagatik ere, programa horri eutsi egin dio Eusko Jaurlaritzak, familiei babesa eta laguntza emateko sistema hobetzen jarraitzeko asmoa duela berresteko.

Horrela, Eusko Jaurlaritzaren Gobernu Kontseiluak 27,65 milioi euroko diru-sail bat onartu du laguntzak arautzen dituen dekretuaren barnean hartutako hiru modalitateetarako (kargurako semeagatik edo alabagatik laguntzak, erditze edo adopzio nazional anizkoitzagatik laguntzak eta nazioarteko adopzioagatikoak) laguntzak gauzatzeko. Gainera, 3,74 milioi euro gehiago bideratuko dira aurreko ekitaldietan onartutako laguntzak ordaintzeko (jarraipenak).

Lehen semearen edo alabaren jaiotze edo adopzioagatiko laguntzak urteko ordainsari bakarrean ematen dira. Hiru kobrantza-tarte desberdin daude indarrean, familia-unitatearen errentaren araberakoak (400, 500 edo 900 euro). 2010ean, lehen semearen edo lehen alabaren jaiotze edo adopzioagatik irekitako 10.250 espedientek jaso zuten aldeko ebazpena, 7,05 milioi euroko gastuarekin. Kontzeptu horrengatik batez beste ordaindutako diru-laguntza 688 euro izan zen.

Bestalde, lehendik jarri ziren abian bigarren semeagatiko edo alabagatiko laguntzak. 1.100 euroko laguntza orokorra zen, eta urteko ordainsari bakarrean ematen zitzaien onuradunei. Ondoren laguntzak handitu egin ziren, eta bigarren semeak edo bigarren alabak urtean bi ordainsari kobratzen hasi ziren: 1.100 euro jaiotze edo adopzioaren urtean, eta 400 euro hurrengo urtean.

Atal horri dagokionez, 2010ean 13.454 espedientek jaso zuten aldeko ebazpena: 7.248k lehen ordainsariari loturik eta 6.206k bigarrenari loturik. Guztizko kostua 10,69 milioi euro izan zen.

Halaber, lehendik hasi ziren baita hirugarren semeagatiko edo alabagatiko laguntzak, 1.100na euroko urteko bost ordainsariz osatutako laguntza orokor baten bitartez. Ondoren, 400na euroko urteko bi ordainsari erantsi zitzaizkien, haurrek 5 eta 6 urte betetzean ordaintzekoak.

2010ean, hirugarren eta ondorengo semeagatiko edo alabagatiko diru-laguntzen guztizko gastua 6,6 milioi euro izan zen, eta guztira 5.707 espedientek eskuratu zuten diru-laguntza jasotzeko eskubidea. Horietatik 1.477 ekitaldiaren barnean gertatutako jaiotze edo adopzioen ondorio izan ziren, eta gainerakoak, berriz, urteko bigarren eta ondorengo ordainsarien ondorio.

ADOPZIOAK

Bestalde, 2007ko urtarriletik aurrera, Estatu mailako erditze edo adopzio anizkoitzagatiko laguntzak ordainketa bakarreko laguntza ekonomikoak dira, erditzea edo adopzioa gertatzean ordaintzen direnak. Laguntzaren zenbatekoa kalkulatzeko, aldi berean jaiotako edo adoptatutako haurrak eta familiaren errenta-maila hartzen dira kontuan.

Gainera, laguntza horiek kargurako semeagatiko edo alabagatiko laguntzei eransteko aukera dago. 2010. urtean, Estatu mailako erditze edo adopzio anizkoitzagatiko 610 espedientek jaso zuten aldeko ebazpena.

Azkenik, nazioarteko adopzioagatiko laguntzak ordainketa bakarreko laguntza ekonomikoak dira. Horien zenbatekoa ere aldi berean jaiotako edo adoptatutako haurren eta errenta-mailaren araberakoak dira. Aurrekoa bezala, onuradunari kargurako semeagatik edo alabagatik dagozkion laguntzei meta dakieke laguntza hori. Joan den urtean, nazioarteko erditze edo adopzioagatiko 189 espedientek jaso zuten aldeko ebazpena.