Eusko Jaurlaritzak 400.000 euro banatuko ditu arte plastiko eta ikusizkoen eremuan jarduerak sustatzeko

Actualizado: martes, 15 marzo 2011 15:00

GASTEIZ, 15 Mar. (EUROPA PRESS) -

Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak arte plastiko eta ikusizkoen eremuan jarduerak sustatzeko eta garatzeko diru-laguntzak emateko erregimena ezarri eta arautzen duen Blanca Urgell Kultura sailburuaren Agindua onartu du. Laguntza hauetarako 2011. urtean 400.000 euro erabiliko dira.

Agindu honen xedea da 2011. urtean arte plastiko eta ikusizkoen arloan burutuko diren jarduera zehatzetarako diru-laguntzak emateko baldintzak ezarri eta arautzea. Agindu honen kargura diru-laguntzak eskatu ahal izango dituzte jarduera zehatz batzuk burutzen dituzten eta agindu hau argitaratzean Euskal Autonomia Erkidegoan auzotasun administratiboa edo helbidea edo sozietate-egoitza duten pertsona fisiko edo juridiko-pribatuek.

Horrela, prestakuntzaren arloan, ikusizko arteekin lotura duten ikastaro, mintegi eta lantegietan parte hartzea lagunduko da diruz, baldin eta artista, kritikari, arte-komisario eta sektoreko profesionalen prestakuntza hobetzeari begira antolatuta badaude. Guztira, 25.000 euro erabiliko dira arlo honetan.

Sustapen eta zabalkundearen arloan, alde batetik, arte garaikideko erakusketak edo gertakizunak antolatzea edota beraietan parte hartzea lagunduko dira. Horiek guztiak EAEn, Estatu espainiarrean edo nazioartean izango dira, eta EAEn bizi diren egileen lanak erakutsiko dira, bai eta edozein euskarritan jasotako egileen gaineko dokumentazioa ere. Arlo honetanra 65.000 euro zuzenduko dira.

Bestalde, EAEn egiten diren arte garaikidearen gaineko sentsibilizazio-ekimenak (batzarrak, jardunaldiak, kongresuak, lantegiak, hitzaldiak) eta horiei buruzko edozein euskarritan jasotako dokumentaziora 50.000 euro zuzenduko dira, eta euskarri desberdinak erabiliz egindako argitalpenak egitera, beren xedea EAEko arte garaikidea zabaltzea eta bertako artistak eta haien lana sustatzea bada, 90.000 euro bideratuko dira.

Ez dira lagunduko ez urteko programazioak, ezta ohiko jarduntzat hartzen direnak ere. Hortaz, erakunde eskatzailearen programan edo jardueran ohiz kanpokotzat jo daitezkeen proiektu edo ekimen zehatzak jasoko dira soil-soilik.

Azkenik, sorkuntza eta ekoizpenaren arloan, arte-ekoizpenaren eremuan egiten diren jarduerak eta proiektuak egitea lagunduko da diruz, ardatza arte ekoizpena edo ikerketa proiektua lantzea baldin bada. Horretarako, 5.000 euroko 14 laguntza, 8.000 euroko zortzi laguntza eta 12.000 euroko hiru laguntza emango dira.

Eskaera bakoitzean zein arlotan (prestakuntza, sustapen-zabalkundea, sorkuntza-ekoizpena) eskatzen den laguntza zehaztu behar da, zein modalitatetan (sustapen-zabalkundearen arloa) edo modulua (sorkuntza-ekoizpenaren arloa), eta horiek bakarrak izango dira proiektu bakoitzeko. Edonola ere, sustapen-zabalkundearen arloan Balorazio Batzordeak beste modalitateetara bidera dezake eskaera, proiektua beste modalitate horretara hobeto egokitzen dela ikusten badu.