Jaurlaritzak 43,2 milioi erabiliko ditu premia handiena duten taldeen enplegua sustatzeko

Actualizado: miércoles, 18 marzo 2015 12:51

GASTEIZ, 18 (EUROPA PRESS)

   Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak 43,2 milioi euro bideratuko ditu aurten beharrizan handiena duten taldeen enplegua sustatzeko. Hala jakinarazi dute asteazken honetan Gasteizen Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburu Angel Toñak eta Lanbideko zuzendari nagusi Adolfo Alustizak, Lanbide enplegua sustatzeko zerbitzu publikoaren kontseiluak onartutako ekintzen aukezpenean.

   Urte honetarako Plan Operatiboaren barruan bilduta daude aipatutako ekintzak, eta Lanbideren jarduerak eta neurriak biltzen ditu arlo hauen gainean: lan aktibazioa, enplegurako prestakuntza eta Diru Sarrerak Osatzeko Errentaren eta Etxebizitzatarako Prestazio Osagarrien kudeaketa.

   Toñaren iritziz, enplegua da "premiazkoena eta garrantzitsuena, pertsona baten komunitateko integrazio eta partaidetzarako funtsezko elementua baita". Horregatik, 2015eko Lanbideren programazioak "pertsonak ditu oinarri, bereziki enplegurik ez dutenak eta gizarteratzeko edo laneratzeko zailtasun handiena dutenak".

   Ardura hori gogoan izanik, Lanbideren 2015eko jarduerek ardatz zehatz batzuk izango ditu, besteak beste, berrikuntza, pertsonei eta enpresei balioa ematen dieten gizarte eta enplegu politiken gaineko proiektuen bitartez; gizarte kohesioa, laguntzen eta zailtasun berezia duten taldeen laneratzearen kudeaketa eraginkorragoa eginez; orientazioa eta gertutasuna, pertsonak eta enpresak Lanbideren jardueraren erdigune bihurtuta gero eta zerbitzu hurbilagoak eta pertsonalizatuagoak eskaintzeko.

   Halaber, lan bitartekaritzaren eta prestazio publikoen kudeaketaren eraginkortasuna handitzea, eta, azkenik, jarduera ekonomikoan, enpleguan, prestakuntzan eta gizarteratzean jarduten duten hainbat eragile publiko eta pribaturekin parte hartzea eta lankidetza sustatzea ere izango dira Lanbideren lanaren ardatzak, adostasuna eta hitzarmenak oinarri hartuta betiere.

SEI DEIALDI

   Lanbideko kontseiluak, 2015eko Plan Operatiboaz gain, laguntzen sei deialdi ere onartu ditu lan aktibazioaren esparruan, eta guztira, 43,2 milioi euro bideratuko ditu deialdiotara.

   Zehazki, ezintasunen bat duten pertsonentzako enplegua sustatzeko laguntzen deialdian 500.000 eurokoak izango dira laguntzak, eta laneratzeko enpresak sortzeko eta mantentzeko laguntzen deialdiak 8,40 milioi euro izango ditu.

   Halaber, ezintasunen bat duten pertsonak enplegu-zentro berezien bitartez laneratzeko laguntzen deialdia 26,5 milioi euro banatuko dira, eta familia bizitza eta lana uztartzeko laguntzen deialdia 2.200.000 euroko aurrekontu saila izango du.

   Gainera, langabeziagatiko prestazioak jasotzen dituzten pertsonei Gizarte Segurantzaren kuotak ordainketa bakarrean ordaintzeko deialdian laguntzak 500.000 eurokoak izango dira eta, azkenik, Lehen Aukera Programaren laguntzen deialdiak 4,99 milioi euro banatuko ditu.