Eusko Jaurlaritzak 488.200 euro jarri ditu abandonaturiko harrobiak berreskuratzeko

Actualizado: viernes, 1 abril 2011 15:54

BILBO, 1 Abr. (EUROPA PRESS) -

Eusko Jaurlaritzak abandonaturiko harrobiekin zerbait egitea erabaki du, eta 2011ko aurrekontuetan, "EAEn bertan behera utzitako harrobiak berreskuratzeko plana eta eratorritako jarduerak" izeneko aurrekontu-saila sartu du, 488.200 euroz hornitua.

Aurrekontu-sailaren helburuen artean daude lurraldean abandonaturiko harrobiak identifikatzea, harrobi horiek plangintza bati jarraiki berreskuratzeko jarduera-irizpideak zehaztea, eta, hala badagokio, harrobi horiek berreskuratzeko eta haiei segurtasuna emateko proiektuak idazteko laguntza ematea.

Gainera, behin aldez aurretik aplikatutako irizpideak aplikatu ondoren, abandonaturiko harrobiak plangintza bati jarraiki berreskuratzeko zehaztuko diren lehentasunezko proiektuak egikaritzeko finantziazioa emango da aurrekontu-sail horren bidez, Eusko Jaurlaritzako Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak prentsa ohar bidez jakinarazi duenez.

Dagoeneko, Industria Saila Hidrocarburos de Euskadi, S.A. enpresarekin adosten ari da, Euskal-Arido patronalaren bitartez, abandonatutako harrobiak plangintza bati jarraiki berreskuratzeko jardurta zehazteko jarraitu beharreko irizpideak.

Bestetik, Bernabe Unda Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoko sailburuak gaur Eusko Legebiltzarrean egin duen agerraldian adierazi duenez, Harrobien Lurraldearen Arloko Planari dagokionez hiru eremutan jarduten ari dira une honetan. Lehenik, harrobietarako agregakinek iraganean izandako eskaintza eta eskaria aztertzen ari dira, bai eta etorkizunari begira -2020a arte- izan dezaketen bilakaera ere.

Bigarrenik, gai horretatik eratorritako interes sozialen, politikoen eta ekonomikoen arteko beharrezko adostasunak lortzen ari dira, bereziki kontuan hartuta ustiapen horietako batzuk gatazka-iturri izan direla iraganean.

Azkenik, hornidura-iturri alternatiboak baloratzen ari dira, eskariari erantzungo lioketenak ohiko harrobiak ustiatzetik eratorritako agregakinetara mugatu beharrean. Ildo horretan, eraikuntza- eta eraispen-hondarrak birziklatzetik eratorritako agregakinen erabilera handitzeko aukera aztertzen ari da, eta Norvegiatik eta Marokotik kalitatezko agregakinak itsasontzietan inportatzeko bideragarritasun teknikoa eta ekonomikoa baloratzen ari da.

Halaber, Eusko Jaurlaritza ez da soilik Harrobi Zonen Lurraldearen Arloko Plan bat lantzeaz arduratzen ari, eta kareharrizko agregakinei buruzko benetako politika bat zehazteko ahalegin berezia egiten ari da, ohiko harrobietatik agregakinak ateratzera mugatu gabe.