Eusko Jaurlaritzak 50,6 milioi euro erabiliko ditu aurten garapenerako lankidetzarako

Aresek eta Salinerok eman dute garapenerako lankidetzarako aurrekontuaren berri
Irekia/Eusko Jaurlaritza
Actualizado: miércoles, 4 enero 2012 19:12

BILBO, 4 Ene. (EUROPA PRESS) -

Eusko Jaurlaritzak garapenerako lankidetzara bideratutako funtsak mantenduko ditu aurten, eta 2012rako aurrekontua 50.685.165 euro izango da, iazkoa baino pixka bat txikiagoa (50.981.907 euro), nahiz eta murrizketak ez duen eraginik izango lankidetzan, funtzionamendu-gastuetan baizik. Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren funtsak mantendu dira Eusko Jaurlaritzak "lankidetzarekin lotuta duen borondateagatik eta hauteskundeetan hartutako konpromisoengatik".

Lehendakaritzako idazkari nagusi Manu Salinerok gaur Bilbon Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren 2011ko ekitaldiko balantzea aurkeztu du agentziaren zuzendari Marta Aresekin batera. Salinerok azaldu duenez, Euskadi "bereziki solidarioa da, eta bidezkoa da hori horrela izatea", garapen-bidean dauden herrialdeetan dagoen txirotasuna ikusita.

Orain arte, Euskadin lankidetza Hego Amerikara egon da zuzenduta batik bat; baina, Lehendakaritzako idazkari nagusiak adierazi duen bezala, "Afrikaren unea da". Hori dela eta, Lankidetzaren Euskal Agentziak martxan jarriko dituen 16 proiektu kontinente horretara egongo dira bideratuta, hau da, funtsen %20 (5.101.742 euro).

Marta Aresek Euskal Agentziak 2011n garatu dituen ekimenen xehetasunak azaldu ditu. Guztira 70 proiektu jarri dira martxan 27 milioi euroko aurrekontuarekin, bai eta zazpi programa ere zortzi milioi eurorekin.

Sektoreka, %32 tokiko garapenera bideratu da, %30 emakumearen jabekuntzarako eta genero-indarkeriaren kontra borrokatzeko proiektuetara, %22 oinarrizko beharretara (ura, elikadura eta hezkuntza) eta %16 giza eskubideetara. Garapenerako hezkuntzak 3,2 milioi jaso ditu 23 proiekturi heltzeko, ekintza humanitarioak bost milioi baino gehiago Kongoko hiru proiektu estrategikotarako eta premiazko beste 18 proiektutarako Haitin, Afrikako Adarrean eta Libian hondamendien eta gosetearen kontra jarduteko.

2008tik 2011ra bitartean, Eusko Jaurlaritzak 304 proiektu, 19 programa, 78 laguntza humanitario eta garapenerako hezkuntzako 97 proiektu garatu ditu. Gainera, 375 beka eta diru-laguntza eman dizkie lankide boluntarioei.